“Txingudiko Zerbitzuen helburua festetan ingurumena errespetatuz kaleak garbi mantentzea da”: halaxe azaldu du Leire Zubitur Txingudiko Zerbitzuen arduradunak Hondarribiko jaietarako aurten ere martxan eman duten dispositibo berezia. Hondakinak bereizteko 14 puntu jarri dituzte jadanik Hondarribian zehar; Butroi pasealekuan, San Pedro kalean, Arma Plazan, Kasino zaharrean, azoka inguruan, zezen plazan eta Jostaldi pilotalekuan. Bertan, jaietan sortzen diren hondakinak behar bezala birziklatzera deitu ditu herritarrak, betiere “ahalik eta hondakin gutxien” sortzea buruan izanik.
Bestalde, goizean goiz hasiko dira garbiketa brigadak lanean festa egunetan, “jende gehien biltzen den eremuetan”. Hala, Ortzi Alonso kultura hautetsiak besta giroan izanen diren herritarrei eskatu die garbiketa langileen lana errazteko: “denon artean, elkarlanean, kaleak ahalik eta txukunen mantendu ditzagun, eta kale garbitzaileak dauden bitartean ahalik eta laguntza gehien eman diezaiegun”. Hain zuzen ere, eskerrak eman dizkie lanean ariko diren behargin horiei, hondarribitarrek jaiak ospatzeko ezinbestekoak baitira.
85 lanaldi gehiago ezarri dituzte Txingudiko Zerbitzuek irailaren 6tik 11ra bitarteko egunetan, eta dispositibo guztiak 15.396€ko kostua du “herritarrentzat”, Leire Zubiturrek azaldu duenez.
Txosnekin elkarlana
Bentako kontzertu gunean sei elkarte eta mugimendu politikoren ostatuak izanen dira, eta haiekin ere lanean ariko dira Txingudiko Zerbitzuak. Txosna bakoitzak hiru edukiontzi handi izanen ditu birziklatzea behar bezala egitea errazteko, eta batez ere, bakoitzak 3.000 edalontzi jasoko ditu. Hala, ohikoa denez, euro baten truke banatuko dituzte basoberriak, eta herritarrek bueltan diru hori jasotzeko aukera izanen dute. Orotara, 18.000 edalontzi berrerabilgarri banatuko dituzte Txingudiko Zerbitzuek Hondarribiko jaietan.