Bi espazio eskuratu ditu Jaizkibelek aurtengo irailaren 8an, alarde baztertzaileak aldiz atzera egin duelarik

Aimar Lopez 2024ko ira. 8a, 13:48

Mila herritar inguru bildu ditu Jaizkibelek, konpainia baimenarekin eta Gernikako Arboletik atera den lehen urtean. Alarde baztertzaileko konpainiak ohi baina beranduago bildu dira, Jaizkibelekin topatzea saihestuz. Goiza istilurik gabe iragan da.

Goizeko 8:00tarako hogeitabi minutu eskas ziren Jaizkibel konpainia Gernikako Arbolera iritsi denean. Udal ordenantzak esleituriko lekuan jarri dira konpainia parekidearen lerroetan zeuden ehunka herritarrak, eta lerroak hautsi dituzte minutu batzuez, bertan ere hamarka herritar bildu zaizkielarik. Akartegi auzoan ibiliak ziren lehenago, Nahia Salaberria Muñoz kantineraren bila joanak.

Gernikako Arboleko belardiaren puntako eremuan zuen Jaizkibelek kokatzeko agindua, zelaiaren gaineratekoa Alarde Fundazioko konpainia ezberdinen artean banatua zelarik. Haatik, inor ez zen bertan ordu horretan. Guztion Alardea taldeak deialdia egina zien konpainia baztertzaileetan desfilatzen dutenei: Jaizkibel haien aitzinetik pasatzean, txalo egitera bultzatu zituen azken asteetan sare sozialen bidez. Txalo egiteko aukerarik ez baina; Hondarribiko txoko ezberdinetan bilduak ziren konpainiak, haien desfilea ere berandutuz.

Goizeko 8:00ak jotzear zirela abiatu da berriz ere Jaizkibel, ordurako mila lagun inguruko desfilea osaturik. Esku-zarta dezenteren artean eta espaloian bizkar gutxi batzuk biraturik, arazorik gabe hartu dute Kale Nagusia. Arazo berezirik gabe egin du gorako bidea ere Nahia Salaberria kantinerak gurpildun aulkian. Udaletxeko arkupeetan zain zituzten EHBildu, Sortu, Podemos eta beste hainbat alderditako ordezkariak, eta txalo artean hartu dituzte hauek ere.

Ixtante ziren elizako atarian ere, iaz argazki historikoa izan zen lekuan. Iragan urtekoa lehen aldia izan zen Hondarribiko Alkateak Jaizkibeli harrera egin ziona, eta aurten, talde horretara batu dira herriko Eusko Alderdi Jeltzaleko ordezkariak ere, argazkia osatuz. Hala, Hondarribiko Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiek egin diete harrera Jaizkibeli, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Arartekoa ere ordezkatuak zirelarik. Ohar bidez, EAJk azaldu zuen aurten bertan izanen zirela, Jaizkibelek udalari konpainia gisa desfilatzeko baimena eskatuz “udala zilegiztatu” baitu, eta hala, Jeltzaleek ere haien errespetua bueltan erakutsi diete konpainia parekidekoei.

Arma Plazan konpainia osoa elkarturik, bueltako bidea hartu du, Alde Zaharretik atera eta oraindik ere hutsik zen Gernikako Arboleko belarditik pasaz. San Nikolaseko zubian ez da banderola falta izan. Aurten ere, Jaizkibel iristear zela hedatu dute “Jendarte hobe baten alde ari gara borrokan. Barkatu eragozpenak!” mezua zuen pankarta handia.

Segidan ziren Sainduako ermitan eta goizeko helmuga zuten Jaizkibel kaleko kopan Jaizkibeleko mila herritarrak. Nahia Salaberria kantinerari bidea egin, eta bukatutzat eman dute goizeko herriko desfilea.

“Tuneletik ateratzen ari gara”

Nora Ferreira kapitainak goizaren balorazio positiboa egin du, Gernikako Arbolan irabazi duten lekua azpimarratuz eta “aurrerapausoa” txalotuz. Aldiz, argiki azpimarratu du “Jaizkibelek arazorik ez duela” espazio hori “partekatzen”, alarde baztertzaileko konpainien presentziarik ezari dagokionez. Haiek “ebazpena bete dutela” zehaztu du, udala zilegiztatuz, eta Eliza atariko harrera eskertu dute alde horretatik.

Manuel Lezertua Euskadiko Arartekoak aurten Udalak emandako baimena ospatu du, gatazkaren konponbidean pausoa delakoan, eta bide beretik jarraitzeko eskatu dio Igor Enparani, Jaizkibeli bere babesa berretsiz. Ildo beretik mintzatu da Maddalen Iriarte EHBilduren Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramailea, baita Elkarrekin Podemosen maila bereko ordezkari Miren Etxebeste ere.

Garoa Lekuona Hondarribiko EHBilduko bozeramaile eta alkateordea ere bertan zen Jaizkibeli babesa adieraztera, eta lehenik eta behin, Enparani aitortza egin dio: “Alkatea bere lanean” dabilela aipatu du Lekuonak, baimenak kudeatzen eta elkarbizitza segurtatzen. Hala, “konponbiderako bidean” 28 urtean lehen aldiz konpainia baimenarekin desfilatu izana mugarritzat hartu du. Alarde Fundazioari deitoratu dio Gernikako Arbolean ez agertu izana, “segurtasunaren aitzakia” erabiliz, bere ustez “espazioak partekatu nahi” ez dituztelarik. “Tuneletik ateratzen” ari direla erranez borobildu du, Gernikako Arbolan lekua lortzeaz gain, arratsaldean Zapateroan ere izanen direla oroitaraziz.

“Jaizkibelen pozak kutsatu gaitu eta alardearen errespetua nabaritu dugu zinegotziok”

Alardeak joan-etorriak bukaturik, 11:30ak aldean egin ditu adierazpenak bere aldetik Igor Enparan alkateak, azken asteetako tentsioa azpimarratuz, atzoko Salbeko ekitaldian gailurra jo zuen tentsioa. Gaur baina, egoera hori gainditu eta “errespetua” nagusi izan den goiza ongi baloratu du, Jaizkibeli zein alarde baztertzaileari eskertzak eginez.

Gernikako Arbolean agertu ez izanaren berririk ez zuela erantzun die kazetarien galderei, eta heldu diren egunetan eragile guztiekin balorazio sakonagoak egiteko aukera izanen duela zehaztu du, betiere elkarbizitza eraikitzeko dinamikan.