Jendetza bildu eta urrats berriak eman ditu Jaizkibel konpainiak "administrazioaren urtean"

Koldo Nausia 2024ko ira. 9a, 08:51

Jaizkibelek konpainia gisa desfilatu zuen atzo Hondarribiko alarde egunean lehen aldiz, baina alardetik kanpo oraindik ere. Alkateak agindutako ebazpenak espazioak partekatzeko aukera eman badie ere, alarde baztertzaileak bizkarra eman dio konpainia parekideari, eta udalaren ebazpenak agindutako ordua ere ez zuen bete, Jaizkibelekin ez gurutzatzeko.

Udalak zilegiztatu du Jaizkibel aurten, udal dekretu berean konpainia guztien ordutegi eta ibilbideak baimenduz, eta denek alardearen ohiko espazioak partekatuz. Haatik, alarde baztertzaileko konpainiak ohi baino beranduago bildu ziren goizean, Jaizkibelekin topatzea saihestuz. Eta alkatearen ebazpenak agindutakoa baino hogei minutu beranduago hasi zuten desfilea.

Espazio berbera partekatzeko aukera izan dute beraz, baina Guztion Alardea taldeak deialdia egina zien konpainia baztertzaileetan desfilatzen dutenei, Jaizkibel konpainia haien aurretik pasatzerakoan, txalo egiteko. Alarde Fundazioak ez du Jaizkibelekin gurutzatzeko aukerarik eman, eta espazio berbera partekatu dute, baina denboran bat egin gabe. Halere, goiza istilurik gabe iragan da.

Mila lagun inguruk parte hartu dute aurten Jaizkibel konpainian. Eta marka guztiak apurtuta, Nahia Salaberria kantinerak arazo berezirik gabe egin du bidea Alde Zaharrean gurpildun aulkian. Udaletxeko arkupeetan zain zituzten EHBildu, Sortu, Podemos eta beste hainbat alderditako ordezkariak, eta espaloietan txaloak gailendu badira, eguneko argazkia elizako atarian eman da. Iazkoa historikoa izan zen alkateak Jaizkibel konpainiari harrera egin ziolako aurreneko aldiz. Eta aurten, EAJko hautetsiak ere batu zaizkio. Hala, herriko etxean ordezkaritza politikoa duten alderdi guztiek egin diete harrera Jaizkibeli.

Nora Ferreirak azpimarratu duen bezala, ebazpena bete eta urrats berri bat eman du Jaizkibel konpainiak. Bertaratu diren ordezkari politikoek nabarmendu dute, Udalak legea betetzen hasteko hartutako ardurak markatu duela aurtengo pausoa.

Udalak gatazkaren konponbidean lema kolpea ematen jakin duelakoan, Igor Enparan alkatearen lana goraipatu dute denek, baita bide beretik jarraitzeko eskatu ere. Bigarren urtea da Hondarribian Udal Gobernu aldaketa eman zenetik, eta gobernu akordioari esker, aurrenekoa EH Bildu gobernukide dela.

Zentzu honetan, Garoa Lekuona, EH Bilduko bozeramaleak iazko “keinuen urtea”ren ondotik, aurten Udalak ebazpen eta baimen guztiak kudeatzeko ardura hartuta, Jaizkibel legitimatu egin duela dio alkateak iragarritako “administrazioaren urtean”. Baina alarde publiko eta parekidea lortzeko lanean jarraitu beharra dagoela dio. 

Igor Enparan alkateak ere, hartutako ardura eta Berdintasun Legea betetzen hasteko emandako urratsak, herrian tentsioa eragin duela aitortu du. Eta alarde egun lasaia bizi izan bada ere, une gogorrak bizi izan dituela azpimarratu du.

Hain justu, Udal Gobernuaren hurrengo urratsa zein izango den argitu beharko da orain. Iazko keinuen eta aurtengo ebazpen adminsitratiboek gatazkaren eszenatokia eraldatu baitute, 28 urtez mugiezin ziruditen espaloien zein ordezkari politikoen jokamoldeetan. Alkateak, aldiz, Udalak antolaketa berreskuratu, eta alarde publiko, parekide eta bakarra lortzea, ez du hurbil ikusten.