Joan den ekainean ospatutako Irungo sanmartzialetan bezala, hondakinen bereizketa herri bazkari eta txosnetan hobetu bada ere, Hondarribiko festa gune garrantzitsuenetan ere, oraindik «asko hobetzeko» dagoela azpimarratu dute Txingudiko Zerbitzuek. Irungo jaietan 871 tona bildu zituzten jaietan. Hondarribiko jaietan, berriz, 195 tona hondakin bildu dute irailaren 7tik 12ra. Horietatik, 54 tona materia organiko, 43 paper eta 33 plastiko izan diren bitartean, 65 tona errefusa jaso dute. Eta beraz, «hondakinen bereizketa selektiboan hobetzeko dagoela» agerian geratu delakoan daude agintariak.
Hala ere, Hondarribiko Guadalupeko Ama Birjinaren jaietako garbiketa dispositiboa bereziaren balantze positiboa egin du Txinzerrek, «aurreikusitako helburuak bete direlako, gorabehera garrantzitsurik izan gabe». Ohiko gastua %67an handitu dute, festetan zehar Hondarribiko kaleak egoera onean mantentzeko. Orotara, 15.000 euro baino gehiago inbertitu dituzte jaietako garbiketan, eta 85 lanaldi gehitu dituzte. Txingudi Zerbitzuek aktibatutako operatiboari dagokionez, ez ohiko 145.000 litro ur eta 110 litro xaboi erabili dituzte jende gehien biltzen den lekuetan garbiketa lanak egiteko.
Leire Zubitur, Txingudiko Zerbitzuetako gerenteak azpimarratu duenez, jende asko biltzen den guneetan hondakinak bereizketan hobetzeko erronka izan dute. Bereziki Gazte Eguneko eta Bentako herri bazkarietan hondakinen kudeaketan. «Asko pozten gaitu herritarren aldetik erantzun positiboa jasotzeak, eta Txingudiko Zerbitzuek eskaintzen dituen baliabideak eraginkorrak direla baieztatzeko aukera izan dugu», azpimarratu du Zubiturrek.
Era berean, txosnek kartoizko edukiontziak behar bezala erabili dituztela argitu du, hauen konpromisoa nabarmenduz, «lan handia egin dute kartoizko edukiontziekin, eta horrek asko erraztu du hondakin horiek kudeatzea». Ontzi arinen edukiontziaren kasuan, ordea, bereizketa ez da nahiko izan. «Oraindik hobetzeko tarte handia dugu, eta guztion artean, urtez urte aurrera egiten jarraitzea espero dugu», esan du.
Bestalde, Bentako txosnagunean aurten 20.208 edalontzi banatu zituzten, eta horietatik 13.547 berreskuratu dituzte. Edalontzi berrerabilgarrien ekimena 2017an martxan jarri zutenez geroztik, plastiko hondakinen kopurua jaietan nabarmen apaldu dela oroitarazi dute, eta hauek erabiltzen jarraitzera animatu ditu hondarribiarrak.