Hondarribian, aldiz, Udalak marea bizien ondorioak arintzeko neurririk ez dituela hartu salatu du EAJ udal taldeak. Datozen orduetarako eta irailaren 21a arte indarrean egongo den uholde alerta horiaren aurrean, datozen orduetarako marea bizien aurrean, iazko abuztuan eta joan diren otsaila eta martxoko hilabeteetan gertatu bezala, Mendelun ez ezik, Amute eta Harresilandan uraren igoera aurreikusten da marea bizien ondorioz, eta jeltzaleek «berriro ere gerta ez dadin neurriak hartzeko» eskatu zutela gogoratzen dute.
Itsagora biziena, ostegunean arratsaldeko 18:00etan emango dela aurreikusten da, eta «erreakzionatzeko» eskatu dute jeltzaleek, ondorioak minimizatzeko.
Udalak hartutako neurriak
Aldiz, Hondarribiko Udalak marea bizien aurrean prebentzio lanak abian jarri dituela jakinarazi du, batez ere Mendelu auzoan eta Minasoroeta kalean. Marea biziak izan ziren azken aldian bereziki bi gune hauetan suertatu zirelako arazoak. Udaleko hainbat departamenturen elkarlana eskatzen duen zerbait dela nabarmendu dute, bai Hirigintza, bai Udal Brigada eta Udaltzaingoa ere.
Oraingo honetan, Minasoroeta kaleko bizilagunei hesiak eta ura ateratzeko bonbak utzi dizkie Udalak. Eta Mendelu auzoan, berriz, duela aste batzuk jarritako zakuak errebisatu eta egokitu egin dituzte. Udaltzaingoa bertoko bizilagunekin elkartu da eta koordinazio lanetan ari dela argitu dute, eta zentzu horretan, Bentako aparkalekuaren inguruetan seinalizazioa ere indartu egin dute. Estitxu Urtizberea alkateorde eta Hirigintza arloko ordezkariak azaldu duenez, «Udalaren eta herritarren arteko lankidetza ezinbestekoa dela uste dugu halako gertaeren aurrean sor daitezkeen arazoak txikienak izan daitezen». Horrekin batera, hiritarrei iradokizunak eta kexak BAZ (Biztanlearen Arreta Zerbitzua) bidez bideratzea eskatu diete.
Mendelun, hondar zakuez haratago
Zentzu honetan, gogoratu beharra dago, iaz emandako uholdeen ondorioz, hondar zakuak jartzeaz gain, Hondarribiko Udalak etorkizunera begiratuz Mendelu auzoko Azterketa Hidrologikoa egin zuela joan den udaberrian. Uholdeen arazoari epe laburreko konponbidea aurkeztu zien ekainean Udalak bizilagunei. Baina soilik adituen Azterketa Hidrologikoaren «emaitza larrien» lehen eszenatokiari erantzunez. Izan ere, epe luzerako aurreikuspenak «sobera kezkagarriak» baitira Urtizberearen ustetan. Bilerak erdixka baizik ez zituen lasaitu auzokideak orduan, bereziki 2045 eta 2100 urtera begirako aurreikuspenak egin baitituzte adituek. «Larria da gaur egungo egoera, marea altuenetan metro bateko inundagarritasuna eman daitekeela auzoko zenbait eremutan, eta pentsa zer nolako triskantza handiak eragin ditzakeen etxebizitzen beheko solairuetan», azpimarratu du Urtizbereak.
Are larriagoa da 2045 urterako eszenatokia. «Kasu horretan 1,50 metroko uholdegarritasunaz hitz egiten ari gara», argitu du alkateordeak. Eta 2100 urterako beste bi aukera aurreikusten dituzte, «oraindik ere badagoelako esperantza gizateriak aldaketa klimatikoa arintzeko neurriak hartzeko gai izango dela» desiratzen du hautetsiak. Edozein kasutan ere, 2 metro arte igo daiteke uraren maila marea bizienetan. «Pertsonen bizitzak arriskuan jar dezaketen egoera batetaz ari gara», argitu du. Eta hala bada, Mendelu ez ezik, Hondarribiko hainbat eremu hunkituak egongo lirateke. Baina Mendeluk du neurriak hartzeko premiarik gorriena une honetan. Hortaz, konponbide posibleak aztertu dituzte. Jakinik klima aldaketa ez duela Hondarribiko herriak geldiaraziko.
Neurriak hartzerako garaian, Ura Agentzia edo Espainiako Kostaldeko Agintaritza bezalako administrazioen oniritzia beharrezkoa izango du Udalak. Baina araudiaren arabera, Letxunborro errekastoa ezin da okupatu eta ezin dituzte elementu finkoak ezarri. Baina ingeniariek 6 hilabeteko epean egingarriak diren Mendelu auzoa babesteko zenbait neurri proposatu dituzte.
Urtizbereak azaldu duenez, mendebaldean piszina moduko bat egitea da aterabidea. Argitu digunez, «urbanizatua dagoen eremuaren inguruan Josu Langile eta Lauhaizeta etxebitzak babesteko lurrezko mendixka bat egin beharko litzake». Ekialdera, aldiz, Mendelu errekastoan desmuntagarriak diren konportak ezarri beharko lituzkete, eta egin beharrkeo inbertsioa Udalak hartu beharko luke bere gain. Aipatutako beste bi eszenatokietan, berriz, izan 2045 zein 2100 urtera begirakoak, neurri latzagoak hartu beharko liratekeela onartu du udal agintariak. «Etxe realojoetaz ari gara, adibidez, eta jarduketa handiagoetaz, beste administrazioen inplikazioa eskatuko luketenak», dio Hirigintza udal ordezkariak.