Dena prest dute Hondarribian Mugikortasun Astea borobiltzeko. Igandean antolatutako Bizikleta Martxan parte hartuko duten familia eta haurretzako batzuk, aldiz, motorrak berotzen hasi dira gaur BiziBusa ekimenari esker. Balazta elkarteko bolondresek eskolartekoei bizikletaz ala patinetez eskolara joateko aukera berreskuratzeko saiaketa egin dute, Udaltzaingoaren laguntzarik gabe. Duela zenbait urte Talaiako Guraso Elkartearekin batera abian jarri zuten ekimena, hilean behin. Baina bertan behera geratu zen gero. Eta ekimena berreskuratzeko saiakera egin dute, dozenaka haurrek parte hartu dutelarik.
Igandean, aldiz, Kotxerik Gabeko Eguna izango da, eta Hondarribian Mendelu kalea itxiko dute aurreneko aldiz. Goizeko 8:00etatik 14:00etara oinezko eta bizikletentzako erreserbatua egongo da Mendelu, eta 11:30etik aurrera haurrentzako eta familientzako jarduerak proposatuko dituzte, mugikortasun jasangarriaren aldeko auzo-jai aldarrikatzaile batekin.
Estitxu Urtizberea alkateordeak azpimarratu du, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lan handia egin eta gero, Mendelu kalea goiz batez ixteko baimena lortu duela Udalak. «Goiz bakar bat bada ere, hausnartzeko eta auzotarrek espazio publikoa berreskuratu eta familian gozatu ahal izateko aukera emango du», aldarrikatu du. Arlo administratiboan ere, aldundiari kale honen kudeaketa Udalaren esku utz dezan eskaera luzatu egin diotela aurreratu du. Eta horrek aukera berriak eskaini ditzakeela Balazta elkartearen eta Mendeluko bizilagunen aldarrikapen historikoari aterabide bat emateko. Izan ere, Mendeluko errepidetik egunero batez bestean 8.000 ibilgailu baino gehiago pasatzen dira, eta «bizikletentzako ez ezik, oinezkoentzat ere segurtasun arazo bat suposatzen du, eta kutsadura eta zarata», oroitarazi du Balazta elkarteko Gorka Obesok.
Hortaz, irailaren 22ko Autorik Gabeko Nazioarteko Egunarekin bat eginez, auzo-festa familientzako gozagarri izateaz gain, aldarrikapen eguna ere izango da. 11:30ean hasita, umeentzako hainbat jarduera eta jolas antolatuko dituzte: Balanzbike zirkuitoa, txikientzako ezy roller eta mini motoen zirkuitoa, puzgarriak, playmais tailerra, aurpegi margoketa tailerra, musika, etabar. Eta urtero bezala, Bizikleta Martxa ere antolatuko du Balazta elkarteak. Aurtengoan, aldiz, Mendelun amaituko da, festa aldarrikatzailearekin bat egiteko. Ondoren paella bazkari herrikoia ere egingo dute. Bizikleta Martxa Gernikako Arbolatik abiatuko da 10:30ean.
Estitxu Urtizberea alkateordeak aipatu digunez, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin adostu dute Mendelu kalearen itxiera, Hondarribira sartzeko trafikoa Letxunborro hiribidetik desbideratuz.