Bidasoa ibaiaren bi ertzeetan erdi aroko sorginkeri istorioetan, eta bereziki Hondarribiko historian aparteko pasartea merezi duen Inesa Gaxenen figura berreskuratzeko lanetan dihardute, Inesaren jaioterrian, Bastidan. Haren izena duen pastorala sortu dute. Itxaro Bordak idatzirik eta Yvan Bareyrek euskaratik okzitaniera-gaskoierara itzulita, bi hizkuntzetan taularatzen ari dira Pantxika Urrutyk zuzenduta. Dantzari, aktore eta abeslarien artean, orotara 105 partaide ari dira, eta dagoeneko ekainaren 15-16an Bastidan (Baxe Nafarroa) taularatu zuten estreineko aldiz. Irailaren 21-22an Bardozen (Lapurdi) taularatu dute. Orain Hondarribiko emanaldia prestatzen hasi dira, Inesa Gaxenek herrian pairatu zituen injustiziak zuritzeko keinu gisa.
Izan ere, sorginen irudi historikoa patriarkatuaren eta elizaren Inkisizioaren errelatoaren arabera idatzi bada ere, gaur egun jakina da emakume ahaldunduak zirela, erlijio-pertsekuzioa eta errepresioa pairatu zutenak. Horietariko bat dugu, Bastidan (Baxe Nafarroa) 1566an sortutako Inexa Gaxen. 1580an, 14 urte zituela, Urruñako Tristan Urtubiko jaunak sorginkeriaz akusatu zuen, eta Hendaian arrastatu. Azkenik, 18 urtetan libratu zuten, Akizeko apezpikuak hobengabeturik. Irunen aterpetu zen orduan, eta Hondarribiko soldadua zen Pedro de Sanzarekin ezkondu zen.
Baina 1611n, berriz ere sorginkeriaz akusatu zuten Hondarribian. Oraingoan haur batzuek sorgina zela esan eta preso hartu baitzuten, beste emakume batzuekin batera. Gerora Logroñoko Inkisizioak kargurik gabe utzi bazuen ere, hondarribitar askok ez zuten hau onartu, eta txalupa batean Hendaiako mugan utzi zuten, betirako desagertu zelarik.
Hondarribian bi hitzordu
Orain, bere istorioa kontatu eta gertaturikoa berridatzi nahi duen ‘Inesa Gaxen’ pastorala sortu eta taularatzen ari dira euskaraz eta gaskoieraz. Eta Hondarribian ikusi ahal izango da urriaren 5ean (17:00etan) Jostaldi pilotalekuan. Aurretik pastoralaren 105 partaideek desfilea egingo dute 12:00etatik 13:00era Arma Plazatik abiatuta. Eta Damarri plazan arratsaldeko emanaldia ikusteko beharrezkoa den liburuxka 5 eurotan salduko dute. Jostaldin ere banatuko dute ikusgarria hasi baino lehen.
Aurretik baina, sorginekin loturiko “Decían que era Bruja” dokumentalaren proiekzioa antolatu du Hondarribiko Udalak irailaren 29an. Igandean, 19:00tan Itsas Etxean pasako dute 20 minutuko dokumentala, eta sarrera libre izango da, gonbidapenik gabe eta zenbakitu gabe. Proiekzioa amaitutakoan Judith Pla zuzendariarekin solasaldia proposatzen dute gai honen inguruan hausnartzeko.