Udal inpostuak %3,5 igoko dizkiete hondarribitarrei, eta askoz ere gehiago etxebizitza huts eta turistikoei

Antxeta Irratia 2024ko urr. 25a, 12:39

Atzo Abotsanitz eta EH Bilduren botoekin onartutako 2025eko udal ordenantza fiskalak Hondarribian hutsik dauden 1.221 etxebizitzei eta VT pisu turistikoei %75eko errekargua aplikatzea ahalbidetuko du ondasun higiezinen zergan. EH Bilduk hasieran %100eko gainzerga proposatu badu ere, positibotzat jo dute gobernukide abertzaleek «etxebizitza politikan pauso berriak» ematen direlako. 

Hondarribian 2012tik igo ez diren udal tasa eta zergak eguneratzeko beharra ikusi du Udal Gobernuak aurten. EAJk gogor kritikatu du Abotsanitz eta EH Bilduk osatutako tokiko gobernuak hartutako erabakia, inpostuak KPIaren gainetik igotzea suposatzen duelako. Eta jeltzaleen arabera, «talde politikoei azalpen gutxi» eman dietelako tasen igoera horren zergatia ulertzeko.

Era berean, Abotsanitz oposizioan zen garaietan erabili izan zuen argudio berbera leporatu diote honi orain jeltzaleek ezezko bozka justifikatzeko. EAJko hautetsiek iragarri dute «aurtengo aurrekontuaren gauzatze maila %100era iristea zaila izango dela, eta beraz, Udalak ez du bildutako guztia gastatuko».

Modu batean zein bestean, %3,5 igoko ditu Udalak prezio publikoak eta zerga zuzenak. Eta hobari salbuespenetan Abotsanitzek proposatutakoak onartu diren bitartean, zerga gehigarrien kasuan EH Bilduk egindako zenbait proposamen eraman dira aurrera, «ordenantza fiskal justuago, sozialago eta parekideagoak onartuz». EH Bilduk argitu duenez, aurreko urtean gobernu berriarekin ez zuen aldaketa esanguratsurik egiteko denborarik eman, baina aurten lanketa sakona egiteko aukera izan dute. Eta koalizio abertzaleak mahaigaineratu dituenen artean, ordenantza fiskaletan genero ikuspegia kontutan hartzea ez ezik, bereziki «etxebizitza politikan pauso berriak» ematea ahalbidetuko duten zenbait neurri onartu dituzte. 

Zentzu honetan, ondasun higiezinen zergaren kasuan, inor erroldatu gabe duten etxebizitzei aplikatu beharreko errekargua egungo %50etik %100era igotzeko proposamena egin zuen EH Bilduk. Azkenean, Abotsanitzek hasieran proposatutako % 60ko errekargua beharrean, %75era igotzea onartu zuen udalbatzak. EH Bilduren ustez, aurrerapauso garrantzitsua da, kontuan hartuta, herriko 1.408 etxebizitzetan ez dagoela inor erroldatuta, eta horietatik 1.221 etxebizitzek ez dutela errekargutik salbuesten dituen 3.000kw-ko kontsumorik. 

Era berean, Hondarribian azken urteetan eman den VT etxebizitza turistikoen loraldiari neurria hartzeko aukerak emango ditu ordenantza fiskal berriak. Kasu honetan, inongo hobari aukerarik ez izatea eskatu du koalizio abertzaleak, eta esplizituko ondasun higiezinen zerga %75eko errekargua aplikatuko zaie.