«Historia ez da iraganari begiratzea, geroari baizik. Barkamenak etorkizuna baizik ezin duelako erreparatu»

Koldo Nausia 2024ko urr. 25a, 15:23

Aitzol Arroyo eta Koldo Ortega historialariekin hitz egin dugu, 1936-1939an errepresaliatutako Errepublikako 27 alkate, hautetsi eta udal langileei bihar Itsas Etxean (12:00tan) egingo zaien omenaldiaz. Frankismoak kargugabetutakoen erreparazio aktak aitortzen EAEko aurreneko udala izango da Hondarribikoa. Biktimen 100 senide inguru bilduko dira ate zabalik egingo den ekitaldian. 

Hondarribiko Udalak 1936-1939 urtealdian errepresaliatutako herriko alkate, hautetsi eta udal langileak omenduko ditu urriaren 26an Itsas Etxean egingo den ekitaldi solemnean. Memoria Demokratikoaren Legeak agintzen duen "egia, justizia eta erreparazioaren" bidean sakontzeko konpromisoa hartu dute udal talde politiko guztiek, eta hori eskertzekoa dela aitortzen du Koldo Ortega historialariak.

Honakoa ez da Hondarribian azken urteetan egin den memoria ekintza bakarra. Izan ere, 1936ko estatu kolpearen ondorioz Iparraldera ihesean jo behar izan zuten milaka bidasotarrak gogoan hartu zituzten 2021ean, eta omenaldi bat antolatu zuten Hondarribiko Kai Zaharrean. Eta faxisten tiro hotsak eta bonbardaketak geroz eta hurbilago zituztela, Bidasoa ibaia txalupan zeharkatu eta Hendaiara lehenik, eta frantses estatu osora gero, erbesteratuak joan ziren ehunka hondarribitarren omenezko plaka bat ezarri zuen Udalak Kai Zaharrean. 2023an, aldiz, Memoriaren Astea antolatu zuen Udalak, eta hitzaldiekin batera, gertakari historikoak ezagutzeko bisita gidatuak ere antolatu zituzten. 

Kontatu ez den Hondarribia

Oraingoan, aldiz, izen-abizen propioak ekarri nahi izan dituzte lehen planora. Ondo baitaki Ortegak historia garaileek idatzi ohi dutela. Baina are eta argiago du oraindik, «garaia dela gauzak argitzeko eta bakoitzari berea emateko». Memoria Demokratikoa baldin bada, «herri osoarena izan behar du, eta Hondarribian beste leku askotan bezala, herritarren parte bat ahaztua izan da orain arte», kexu da, baina itxaropentsu dago Hondarribian hartu den dinamikarekin. Izan ere, «historia ez da iraganari begiratzea, geroari baizik. Barkamenak  ez du iragana konpontzen, baina konpondu dezake etorkizuna», aldarrikatzen du 50 urtez historia ikertzen daramanaren eskarmentutik hausnartuz.

Zentzu honetan, erreparazioa ezinbestekoa da, morala bada ere, «duintasuna giza legezkoa delako». Koldo Ortega herriko Memoria Demokratikoaren lanketan Udal Bizikidetza Batzordeari aholkularitza lana eskaintzen ari dion ikerlari taldearen parte da, Joxerra Enparan, Pedro Barruso eta Aitzol Arroyorekin batera. Azken honek argitu digunez, «helburua ez da historia berridaztea, edo errebisionismoa egitea. Baina historia garaileek idatzi badute, bada alde bat kontatu ez delako». Eta horretan ari dira herriko historialari hauek eta beste zenbaitzuk azken urteotan. Izan ere, «herria egiten ere laguntzen du historiak, eta horrelako aitortzak behar-beharrezkoak dira».

Artxibategi eta senideen bilaketa lana

Oraingo honetan, haien ikerketa lanari eta Hondarribiko Udal Artxibategiak gordetzen dituen altxorrei esker, identifikatu dituzten 27 alkate, hautetsi eta udal langile hondarribitarren erreparazio aktak emango zaizkie haien senideei larunbateko omenaldian. EAEn aurreneko udalerria izango da Hondarribia aitortza hau egiten duela. Eta historiagileen lana ezinbestekoa izan da. «Testigantza zuzenak galdutak ditugunean, tamalez kondenatutak gaude artxibategietako dokumentuetatik garaiko gertakarien interpretazioa egitera», dio Arroyok, «baina gertakari historiko guztien atzean pertsonak daude, eta izen-abizenak horiek lehenengo planora ekarri behar genituela uste genuen». Ez da erraza izan. 36ko estatu kolpearen ondorioz errepresaliatu eta hauetariko denak Bidasoaz beste erbesteratuak joan baitziren. Kontatzen digutenez, «batzuk bueltatu baziren ere, beste askoren bizitzaren aztarna Hendaiara iristen direnean bukatzen da». 

Horregatik berezko garrantzia du Itsas Etxeko aitortza eta omenaldiak. Bakeolarekin batera bultzatutako ekimena osatzeko, erreparazio aktak banatuko zaizkielako 27 biktima horien senideei. Eta hauekin harremanetan sartzea informazio iturri ere izan da. «Biktima hauen senideekin kontaktu egin eta askok ez zekiten funtzionarioak zirenik edo errepresaliatuak izan zirenik, baina familian entzundako kontuetatik tiraka iritsi gara gauzak argitzera», azaltzen du Aitzol Arroyok. Eta haiekin harremanetan sartzea «pribilegio bat» izan dela aitortzen du. Itsas Etxeko ekitaldian 100ndik gora senidek baieztatu dute euren presentzia. 

Koldo Ortegak dioenez, «garaiko senide gutxi daude bizirik, baina batzuk etorriko badira ere, gehienak haien bilobak izango dira, eta hori ere oso polita izango da, haien aiton-amonetaz zer izan zen jakin, eta harro egon daitezen». Errepublikazaleak ziren batez ere, 1931ko hauteskundeen ondoren, bost urte iraun zuen Errepublikak Hondarribian, 13 zinegotzi sozialista eta jeltzaleekin haien artean, eta independiente bat. Ortegak azpimarratu duenez, «bost urte horietan herrian lan handia egin zuten. Hondarribian beti esan izan da, "nolako era, halako bandera" eta orain familia hauek bai, baina herri osoa ere harro egon beharko litzake 27 lagun hauek egindako lanaz». 

Hau da omenduak izango diren kargugabetu eta errepresaliatutako pertsonen zerrenda: 

Alkateak: Manuel Canoura Hernandorena eta Ramón Pérez Pérez.

Zinegotziak: Floro Izaguirre Aguirrezabal; Juan Garmendia Iriazabal; Enrique Berrotaran Sagarzazu; Angel Urrutia Zuzuarregui; Pedro Alcain Berrotaran; Anselmo Salaverria Picavea; Pedro García Ortiz; Juan Telleria Larrea; eta Juan Jose Petit Ory.

Udal langileak: Angel Telleria Zumalakarregi, Jose Miguel Echaniz Arruti; Arturo Hernández San Martin; Candido Ostolaza Garate; Antonio Bernedo Fernández; Luis Telleria Larrea; Alberto Lasa Badiola; Jesus Zubeldia Garaño; Martin Goicoechea Loidi; Francisco Sagrado Zubiaga; Antonio Tobalina Pérez; Juan Tolosa Catarain; Jesus Sagrado Azurmendi; Ramon Campandegui Sagarzazu; Francisco Lapitz Campandegui eta Cayo Lasa Zala.