Etekin gosea alboratzeko eta uholdeen arazoari erantzuteko elkarlanerako deia egin du Abotsanitzek

Koldo Nausia 2024ko urr. 28a, 13:55

Urriaren 17ko uholdeen ondoren PSE-EE udal taldeak plazaratutako kritikaren aurrean, klima aldaketak eragindako errealitate gordinari aterabideak bilatzeko elkarlanerako deia luzatu du Abotsanitzek. «Debate politikoa piztu edota etekin politikoa atera nahi» izana leporatu diote sozialistei. Eta «etika, enpatia eta zintzotasun falta» salatu beharrean daudela dio Estitxu Urtizberea udal taldeko bozeramaleak.

Azken urteetan geroz eta ohikoagoak dira uholdeak eskualdean eta Hondarribian. Eta azken marea biziak, itsasgora koefiziente altuarekin etorri direnak, euri kopuru handiarekin elkartu ziren urriaren 17an, oraingo honetan egoera okertuz. Udal ordezkariak dio, dena dela, ohiko tokietan egin duela urak gainezka, Minasoroeta, Mendelu eta Jaizubian bereziki. Eta Hondarribiko Udalak alerta gorriaren abisua azken momentuan jaso zutela, ez zelako halakorik espero.

Nolanahi ere, oposizioko alderdiei eta eskumena duten administrazioetan agintean dauden indar politikoei kexu egin beharrean, datorrenari aurre egiteko elkarlanera deitu ditu Estitxu Urtizbereak. «Krisi klimatikoaren ondorioak eta itsas mailaren igoera uste baino epe motzagoan ematen ari da, eta udalek ezingo diote bakarrik aurre egin, behar beharrezkoa ikusten dugu udalaz gaindiko adminsitrazio guztiekin neurri sakonagoak bilatzeko lanean hastea», argitu du Urtizbereak.

Zentzu honetan, hausnarketara gonbidatu nahi izan ditu alderdi politiko guztiak. «Bertako zein estatu maila arteko administrazioetan ardurak dituzten alderdi politikoei eskatu behar zaie, etekina atera baino bidelagun izatea», esan du Hondarribiko Udal Gobernuan den Abotsanitz udal taldeko bozeramaleak. 

Hain justu, joan den ekainean Mendeluko bizilagunei aurkeztu zien Udalak egindako Azterketa Hidrologikoaren emaitzak, baita uholdeak sahiesteko epe labur eta ertainean ere hartu daitezkeen neurrien berri eman ere. Baina Urtizbereak oroitarazi du, PSE-EEk eskatzen dituen neurrien harira, «alderdi sozialista dagoela agintean eskumen zuzena duten Ura Agentzia edo Espainiako Kostaldeko Agintaritzan boterean, eta eskatzen dituzten hobekuntza horiek egiteko baimena ukatu egin izan diotela udalari instituzio horiek».