Inoizko udal aurrekontu proposamenik handiena aurkeztuko du Hondarribiko Udal Gobernuak

Antxeta Irratia 2024ko aza. 7a, 11:05

Aurtengoak ere %15eko emendioarekin marka guztiak apurtu ondoren, 2025 urterako Garapen Jasangarriko Helburuekin lerrokatutako aurrekontu proiektua prest dauka, beste %15 batean handituz. Udal aurrekontuen lanketan dabil Udal Gobernu taldea, eta jakinarazi dutenez, atzo partekatu dute gainerako udal taldeekin, 33’5 milioi euroko proposamena. 

Iazko azaroaren 23an 2024 urterako onartutako udal aurrekontua 29 milioi eurokoa izan zen, iada %15eko igoerarekin inoiz izandako kopururik handiena zen hura Hondarribian. Orduan, EH Bilduren babesarekin onartu zituen Abotsanitzek. EAJ eta PSE abstenitu egin ziren bitartean. Oraingoan, aldiz, gobernu koalizioa osatu dute Abotsanitzek eta EH Bilduk eta gehiengoa dute. Hala ere, Udal Gobernuak udal talde politiko guztiekin lanketa hitzartzeko saiakera egingo duela iragarri du Igor Enparan alkateak. Udal taldeekin elkartzeaz gain, azaroak 14an batzorde bat egitea aurreikusten dute, eta azaroaren 28an udal osoko bilkuran aurrekontuak eztabaidatu.

Udal Gobernuak beste %15 emendatu nahi du udal aurrekontua etorkizuneko proiektuak garatzeko, eta hartutako konpromisoak betetze aldera. Izan ere, alkateak azpimarratu duenez, aurten lehen aldiz, Garapen Jasangarriko Helburuekin lerrokatutako aurrekontu proposamena egin dute. Aditzera eman duenez, 33,5 milioi euroetatik 10 milioi ingurumenaren ikuspegitik jorratutako ekimen eta proiektuetara bideratu nahi dituzte, eta beste 14 milioi euro politika sozialetara. Udalaren ohiko funtzionemendurako 7,5 milioi eta 2 milioi euro gehiago ekonomiaren bultzadari begira.