Urteko bilana egin eta aurrera begirako ekintzak aztertuko ditu Euskara Mahaiak astelehenean

Antxeta Irratia 2024ko aza. 8a, 09:52

Azaroaren 12an bigarrenez bilduko da Hondarribiko Euskara Mahaia. Udaletxeko areto nagusian 18:00etan izango da, eta aurten egindako ekintzak azaltzeaz gain, aurrera begirako ekintzen berri emango diete mahaia osatzen duten aisialdi eta kirol elkarteei, ostalari eta merkatariei, herritarrei eta hezkuntza komunitateari. Era berean, udal dirulaguntzetan eragingo duten onartutako hizkuntza irizpide berrietaz informatuko dute. 

Datorren astelehenean (azaroak 12) Hondarribiko Euskara Mahaia bilduko da berriz. Bigarren bilera izango da, herrian Euskararen Erabilera Sustatzeko Plan Estrategiko berriaren garapena hurbiletik ikuskatu eta Ekintza Plana garatzeko helburuarekin. Maiatzaren 29an egin zuten aurreneko bilera, eta herriko hezkuntza komunitatea, kirol eta kultur elkarteak, euskalgintzako eragileak, eta ostalaritza, komertzio edota enpresa arloko ordezkariak urtean hirutan batzartzeko konpromisoa hartu dute.

Izan ere, azken urteotako euskara sustatzeko politikek ez dute globalizazioak bultzatuta orokorrak diren inertziak apurtzeko gai izan herrian. Eta Udal Gobernu berria sartu denez geroztik, estrategia berri bat jarri nahi izan dute martxan. Kezka partekatua da herrian. Garoa Lekuona Euskara hautetsiak dioenez, hondarribitarren %72a euskalduna bada ere, 2021ean erabilera %16koa zen kalean, Soziolinguistika Klusterraren datuen arabera, 2016ean %24koa zen bitartean, eta gazteen artean %10era ere ez da heltzen. Errealitatea gogorra dela aitortzen du Lekuonak: «Hondarribia momentu honetan ez da herri euskaldun bat, erdara nagusi duen herri euskalduna baizik, eta erabilera gehiago apalduko bada… Lehenengo puntua hori da, herriari esatea kontuz! Hemen zerbait gertatzen ari da!».

Lantaldea eta dinamika behin martxan jarrita, azaroaren 12an, aurten egindako ekintzak azalduko dituzte, eta Udalak onartutako hizkuntza irizpide berrietaz informatuko dute. , dirulaguntzetan eragina izango dutenak. Bestalde, aisialdi eta kirol elkarteei, ostalari eta merkatariei, herritarrei eta hezkuntza komunitateari begirako hurrengo ekintzen berri emango dute bertan.

Egoera iraultzeko bide-orria

Euskara Mahaia ez ezik, estrategia berriarekin garatu nahi duten 2023-2027 urtealdirako Ekintza Planak herriko kolektibo eta giza harremanen txoko guztiak hunkitu nahi ditu. Egoera iraultzeko, 44 neurri hartuko dituzte herriko eragileekin, eta helburuak finkatzeko prozesua parte-hartzailea izan da abiapuntutik.  Paperak dena eusten badu ere, Lekuonak argi adierazi du herrian euskara «zainketa intetsiboetan» aurkitzen dela, eta denen konpromisoa beharko dela. 

Zentzu honetan, euskal hiztunak ahaldundu, euskara gune berriak sortu eta daudenak indartu beharra dagoela argi dute Euskara Mahaiaren partaideek. Eta beraz, herriak izan behar duela aldaketaren parte. «Argi dago, jendea ez bada euskaraz ari zerbaitengatik dela», argitzen du Euskara hautetsiak,  «eta errealistak izan behar gara nondik abiatzen garen, baina egoera hau frenatu nahi dugu, eta ahal den neurrian gotti egin». Bide-orria argi dute eta erronkaren helburuak ere. Soziolinguistika Klusterraren hurrengo kale-entzuketa 2026ean egingo dute Hondarribian. Eta emaitzak zifretan hobetzeko beharra dagoela agerikoa izanik ere, hondarribitarren hizkuntza ohiturak aldatu eta kontzientzia har dezaten, jabetu daitezen nahi du Udalak. Herriko identitatea ezbaian jartzen duen euskararen erabilera aktibatzeari bide eman nahi diote: «Maratoi bat hasten dugu orain, eta erronka handia da», azpimarratzen du Garoa Lekuonak. 

Momentuz, hurrengo urratsa azaroaren 12an emango dute, 18:00etan Hondarribiko Udaletxeko areto nagusian egingo dute bigarren bileran.