2023ko urriaz geroztik, Hondarribian abandonu zantzuak dituen bizikleta bat topatzen denean, Udaltzaingoak informazio moduko pegatina bat jartzen dio bizikletari. Eta 15 egun pasata bizikleta bere horretan jarraitzen badu, udal gordailura eramaten dute. Katalogoan sartzen dute eta Gipuzkoako Boletin Ofizialean argitaratuta hiru hilabeteko epean hondakina bilakatzen denez, Balazta Bidasoko Bizikletaren Aldeko Elkarteak eskuratzen du. Udalarekin iaz adostutako elkarlan horrek elikatzen du Balaztak duen 'Bir-ziklatu' ekimena. Eta urtebeteko emaitzaren berri eman dute orain.
Herriko kaleetan abandonatuak edo utzita zeuden bizikletak jaso, berreskuratu eta bigarren erabilera bat emateko asmotan, legez bete beharreko urratsak eta epeak behin igarota Udalak gordailuan zeuzkan txirrindetako 25 Balaztari entregatu baitizkio. Elkarteak Irungo Larreaundi auzoan duen egoitza-tailerrean konpondu eta bazkideek bigarren bizitza bat emateko aukera izango du. Hala ere, GKE eta eragile sozial askorekin harremanetan daude, eta bizikleta askok helburu solidario batekin eman ohi dituzte doaintzan. Era berean, Hondarribiko Udaleko Gizarte Zerbitzuekin hitzarmena sinatu zuten elkarlan honen harira, eta egoera zaurgarrian dagoen herriko familiaren batek bizikleta bat behar izango balu, horietako bat segurtatuko liokete.
Udalak oroitarazi duenez, despistaturen batek oraindik katalogoan dagoen gainerako bizikletaren baten jabe dela ohartu, eta hura berreskuratu nahi izanez gero, Udaltzaingoan eskaera egiteko aukera du. Horretarako, NANa eta bizikleta berea dela adierazten duen agiriren bat: argazkiak, fakturak... aurkeztu behar ditu.