Itsas Zaintza Sarera batzeko deia luzatu dute Hondarribian azaroaren 17an

Antxeta Irratia 2024ko aza. 14a, 12:55

Iazko itsas hondakinen bilketan 350 kilo zabor bildu eta gero, azaroaren 17an Hondarribiko hondartzan eta Gipuzkoako beste bost lekutan garbiketa auzolanean egiteko deia luzatu du Gipuzkoako ITSAS ZAINTZA SAREAK. Sentsibilizatzeko helburua duen ekintza praktikoarekin batera, hondakinak sailkatu eta datuak bilduko dituzte. Joan den urtean itsasoan bildutakoaren %40a plastikoak izan ziren. 

Gipuzkoako ITSAS ZAINTZA SAREAk antolatzen duen bigarren Itsas Hondakinen Bilketan parte hartzeko deialdia luzatu du azaroaren 17an goizeko 11:00etan. Hondarribiko hondartzan ere bota dute erronka, baina Mater untzi museoak koordinatutako ekintza Gipuzkoako sei udalerritan egingo dute aldi berean, Mutriku, Zumaia eta Zarautzen hondartzetan, Donostiako Urumea ibaian eta Pasaiako Alabortzan ere. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta eskualdez-eskualde 20 bat eragileen laguntzarekin, bolondresei behar eskularru, zaku eta materialak eskainiko dizkiete garbiketa lanak segurtasunez egin ahal izateko. Eta piraguak eta paddle surfak ere erabiliko dituzte. Hondarribian, Itsaskari Baita eta Recicla-Birziklatu elkarteek parte hartuko dute. 

Joan den urtean antolatutako garbiketan 250 lagun mobilizatu ziren Mutrikutik Hondarribira, eta orotara itsasoan bildutako 350 kilo zabor berreskuratu zituzten. MATER untzi museoko arduradunek emandako datuen arabera, «8.600 objektu bildu ziren, eta horietatik %40,8 degradatutako plastiko zatiak ziren, bereziki poliespan edo kortxo txuria». Ohartarazi dutenez, hauek eta beste plastiko batzuk ere mikro eta nanoplastikoak bilakatzen dira denboraren poderioz, eta «ingurumenarentzat ez ezik, gizakiarentzat ere osasun arazo larri bat bilakatzen dira, ikusezinak bilakatu arren, kate-trofikora pasatzen direlako, edaten dugun uraren ziklora eta elikagaietan presente daude».

Gipuzkoa mailan antolatutako Itsas Zaintza Sarearen helburua gizartea sentsibilizatzea da. Eta hondakinen bilketari buruz datuak biltzea «zientzia herritarra» eginez. Hartara, ekintza honetan hondakinak biltzeaz gain, zaborraren karakterizazioa egiten dute, hau sailkatzeko metodologia zehatz batekin. 

Azaroaren 17an, 11:00etan Hondarribiko hondartzan egiten duten deialdiarekin batera, Mutriku, Zumaia eta Zarautzen hondartzetan ere ariko dira garbiketa egiten. Baita Donostiako Urumea ibaian eta Pasaiako Alabortzan ere. 

Izena eman edo informazio gehiago behar duenak itsaszaintzasarea@mater.eus edo telefonoz 619 814 225 zenbakira deitu beharko du.