Palestinar herriarekin besarkada bat Hondarribian dantzan

Antxeta Irratia 2024ko abe. 2a, 10:33

Larunbata goizean «munduko herriekiko elkartasun txokoa» bilakatu nahi duen olibondoa landatu zuten Kasino Zaharrean palestinar herriarekin elkartasunez. Etxara elkarteak antolatuta, ostiralean Itsas Etxean eta Madalen plazan larunbata eguerdian, palestinar erresistentziaren ikur den dakbe dantza tradizionala izan zen protagonista. Haweia eta Kemen taldearekin batera, hondarribitar ugari jarri zituzten dantzan. 

Iaz palestinar herria diruz laguntzeko marmitako herrikoi bat antolatu eta gero, Etxara elkarteak elkartasun keinua Hondarribiko herri osora zabaldu du joan den asteburuan. Eta Kasino Zaharreko lorategietan landatutako olibondoarekin «munduko herriekiko elkartasun txokoa» errotu dute betirako. Olibondoa zuhaitz sakratua da palestinar herriarentzat, «lurra, bakea eta erresistentizaren» ikur. Eta larunbata goizean hondarribitar eta palestinar herritarren arteko besarkada solidarioa sinbolizatu zuten ekitaldiarekin. Etxara elkarteko ordezkariekin batera, palestinar herriaren izenean Hatem Hafik hitza hartu zuen ere landaketa sinbolikoan.

Larunbatean Madalen plazan palestinar Dakbe dantza izan zen protagonista Hondarribian. 

Hala ere, asteburua dantzak dakarren pozarekin hasi eta borobildu egin zuten Hondarribian. Izan ere, ostiralean dakbe palestinar dantza tradizionala egiten duen Ipar Zisjordaniako Askar errefuxiatu eremuko Haweia dantza taldearen emanaldia antolatu zuten Itsas Etxean. Eta larunbatean, goizeko olibondoaren landaketa egin eta gero, dantza talde hontako kideek Kemen euskal dantza taldekoekin topaketa herrikoia egin zuten. Palestinar erresistentziaren ikur den dantza irakatsi, eta herritarrak dantzan jarri zituzten Santiago kaleko Madalen plazan. 

Olibondoa landatu zuten Kasino Zaharrean, "munduko herrikiko elkartasun txokoa".

Irudiak: Kemen dantza taldea.