Alardeaz Blagan hausnarketarako txokoa zabaldu du Antxeta Irratiak urte bukaera honetan. Hondarribiko alardearen gatazkak mende laurden bete, eta bere horretan jarraitzen badu ere, aurten mugiezina zirudiena astindu egin dela dirudi. Jaizkibelek, konpainia gisa desfilatu zuen joan den irailaren 8an aurreneko aldiz, baina alardetik kanpo oraindik ere. Alkateak agindutako ebazpenak espazioak partekatzeko aukera eman badu ere, espazio berbera partekatu zuten Alardearekin, baina denboran bat egin gabe.
Hilabete batzuk iragan dira honezkero, eta jaiaren hurbiltasunak eragiten dituen beroaldi eta urduritasunak alde batera utzita, hotzean hausnartzeko espazioa sortu nahi izan dugu Antxeta Irratian. Ahoan bilorik gabe mintzatzeko gonbidapena onartu dutenen artean, Guztion Alardea, Saindua, Jaizkibel konpainia, udal talde politiko batzuk eta hainbat herritar izan dira.
Jaizkibel konpainia, aurrera begira
Haien artean, herritarren iritzia biltze aldera, Jaizkibel konpaniako aurpegi ezagun batekin mintzatu gara: Izaskun Larruskain hondarribiarra. Urteetan kapitaina izana, eta gaur egun soldadu bat gehiago da konpainian. Hasierako urteak gogoratu ditugu berarekin, baita azken alarde egunak ere. Bere baitan bizi izan duen eraldaketa konpartitu du gurekin.
Konponbidea zein den argi dauka, «enpatia eta elkarrizketa, elkar ulertzean dago gakoa». Horretarako atzera begiratu baino, Hondarribiko herriak mende laurdenean herritarren artean bildutako minak eta garatutako beldurrak baztertu, eta ezinbestean aurrera begiratu beharra dagoela pentsatzen du. «Enpatia eta elkarrizketa, elkar ulertzean dago gakoa», dio, «gertatutako guztia ezin dugu aldatu, ya gertatu da. Eta modu bakarra da ez bilatzea, ez nork irabazi duen edo nork galdu duen, hor egon behar du erantzuna».
Hondarribitar bakoitzak bere zakuan pilatutako zauri eta orbanei buruz galdetuta, argi du berak denek dituztela. «Minak? Guri egin digute, hemerotekan bakarrik Kale Nagusia ikusi besterik ez da egin behar, ez dugu ezer asmatzen», gogoratzen du, «orain Jaizkibel dena, momentu hartan gaizki egin zuela? Agian ez zuela ondo kalibratu saiatu ginenean parte hartzen? Ba, bai», aitortzen du Larruskainek. «Baina guk barkamena eskatuko dugu. Eta zuek? Guk jasan dugun guztia nork eta noiz eskatuko digute barkamena?», dio. Hala ere, ez dago hori eskatzen orain. Ez duelako bere ustetan herria adixkidetzeko konponbiderik ekartzen. «Bakoitzak egon den tokitik, egin du egin duena, baina Haur Hezkuntzan esan ohi den bezala, horrela ez dira gauzak konpontzen. Hor dago gakoa, hitz egin beharra dugula. Atzera ezin gera joan, gertatu dena gertatu da, ba goazen pentsatzera hurrengo urtean zer pausuak eman behar ditugun!», proposatzen du.
Izan ere, iritzi desberdinak izan arren, hamaika aldiz entzun ditugun “jaia sentitzeko/bizitzeko bi era” horien gainetik, sinetsita dago herritar guztiek gehiago daukatela komunean kontrakoa baino. «Baditugu gauza asko elkarrekin, herriak nahi du hau konpontzea, zeren aspergarria da urtero-urtero horrela egotea. Nondik? Nola? Ez dakit».
Aurtengoa, aukera galdutzat ematen du Jaizkibel konpainiako kideak. Iazko keinuen urtearen ondotik, alkatearen ebazpenak bideratu duen administrazioaren urtean Alarde baztertzaileak udalaren ebazpena bete ez izanak konpainia parekidean harridura sortu duela dio. Nahiz eta partikularki, ez duela harritu dio. Espero zuen.
Haatik, ebazpena bete izan balitz «zerbait ederra izango zen, herriaren errealitatea irudikatuko zelako. Beste eremu batzuetan gertatzen ari zena, besterik gabe, batzuk hor daude emakumerik gabe, eta hor dago Jaizkibel emakumeekin», dio Larruskainek. Baina aurrerapauso administratiboa ez zen gauzatu bere ustez, ebazpena ez delako bete. «Guretzako oso tristea izan zen ez egotea inor Gernikako Arbolan, zeren herriak ez du arazo hori, baina hor daude buru pentsante batzuk eta horiek erabaki dute, argazkiaren beldur zirelako», dio argi eta garbi.
Absurdotzat jotzen du gertatutakoa, egun osoan zehar elkarrekin daudelako. «Guadalupen, Portuan, arratsaldean, gauean, familia bazkarietan, koadriletan... elkarrekin egoten gara gero, ilogikoa da, baina argazki horren beldur ziren». Horri lotuta, bere herriko gizon askoren jarrera ez du ulertzen Larruskainek. Argitu digunez, Alardearen abiatzeko ordua eta errituala garrantzitsua izanik, aurten ez da bete. «Guk hori eskatzen, eta besteari bost axola baldin eta ez bada lortzen argazki hori. Gero askok esan didate, ez zekitela ezer, egon zirela bueltaka... pentsatu nahi dut askatasuna izango dutela nahi dutena egiteko. Baina non zaudete? Non zinen zu esateko nirekin ez duzu hori egingo?», leporatzen die bere herriko gizonei.
2025 urteari begira, beldurrak baztertu eta aurrerapausoak emateko ausardia eta enpatia beharrezkoa izango da Jaizkibel konpainiaren ustez. Eta urte osoan zehar elkarrizketa sustatzea, eta ez bakarrik alardearen bueltan.