Estitxu Urtizberea - Alardeaz Blagan

«Espazio itxi horietan hitz egiten zena bilakatu da polemikaren fokua, agian sukalde lanaren epea bukatu da eta jendartekoari eman behar zaio lekua»

Antxeta Irratia 2024ko abe. 11a, 10:17

Irailaren 8an aurten «ez da istilurik egon, baina mugimendu tektonikoak eman dira herrian, gauzak gertatu dira» dio Abotsanitz udal taldeko bozeramaleak. Estitxu Urtizbereak Alardeaz Blagan podcastean aditzera eman duenez, eztabaida eraikigarria beharrezkoa da, «gizartearen transformazioa debatea dagoenean ematen da, eta konbentzituta gaude elkarrizketatik eratorritako adostasunak sendoak izango diren heinean, ez dutela atzerabueltarik izango». Elkarrizketa osoa hemen

Alardeaz Blagan hausnarketarako txokoa zabaldu dugu Antxeta Irratian aste honetan. Hondarribiko alardearen gatazkak mende laurden bete eta bere horretan jarraitzen badu ere, aurten mugiezina zirudiena astindu egin dela dirudi. Jaizkibelek, konpainia gisa desfilatu zuen joan den irailaren 8an aurreneko aldiz, baina alardetik kanpo oraindik ere. Alkateak agindutako ebazpenak espazioak partekatzeko aukera eman badie ere, espazio berbera partekatu zuten, baina denboran bat egin gabe.

Hilabete batzuk iragan dira eta jaiaren hurbiltasunak eragiten dituen tentsioak alde batera utzita, hotzean hausnartzeko espazioa sortu nahi izan du Antxeta Irratiak. Ahoan bilorik gabe mintzatzeko gonbidapena onartu dutenen artean, Guztion Alardea, Saindua, Jaizkibel konpainia, udal talde politiko batzuk eta hainbat herritar izan dira.

Abotsanitz, elkarrizketatik konbentzimendura

Atzo Goizeko Kafean, Abotsanitz udal taldeko bozeramalea, Estitxu Urtizberea izan genuen gonbidatu. Soziologoa eta irakaslea lanbidez, udal gobernukidea eta alkateordea da Hondarribian agintaldi honetan. Aurtengo irailaren 8ko ebazpenaren erabakiak tentsioa sortu duela, eta mugimenduak eman diren heinean, zenbait kolektibok udala erakunde bezala mespretxatu edo duen zilegitasuna zalantzan jarri dutelako atsekabetuta agertzen da. Eta onartezinak diren «mehatxu eta presioak» jasan eta eman direla herrian.

Dena dela, alardearen aferan bi ikuspegi edo bizitzeko modu dagoenik ukatzen du. 17.000 hondarribiarren artean, «dena ez delako txuria ala beltza, gris tonu asko dago», baina iritzi guztiak pertzepzioetatik urrundu eta modu objetiboan neurtzeko, eta beraz, herriari tenperatura hartzeko zailtasun handiak daudela aitortu digu. «Arazoa da eragile eta adierazpen guztiek ez daukatela bozgoragailu berdina, eta badira batzuk zalaparta gehiago sortzeko gaitasuna dutela, eta gure atentzioa haiek eramaten dutela. Baina badakigu gizartea eraldatzen ari dela eta beste iritzi batzuk ere badaudela», dio.

Horregatik, Hondarribiko Udalak aurtengo jaien aurretik erabakita zuen emakumearen parte hartzearen jarrerei buruzko inkesta soziologiko bat enkargatu du, herritarren iritziak denboran zehar izan duen eboluzioa neurtzeko. Iragarri digunez, azterketa amaituta dago, eta emaitzen prozesaketaren esperoan daude argitara eman ahal izateko. Nolanahi ere, aurtengo irailaren 8an «azken hamarkada luzean horretan lanean gabiltzanontzat berria den zerbait gertatu da, aurreneko aldiz entzun ditugu gizonezkoak deseroso». Izan ere, aurtengo alarde egunean «ez da istilurik egon, baina gauzak gertatu dira». 

2023koa "keinuen urtea" izan bazen, eta 2024koa "administrazioarena" izendatu den bezala, 2025ari begira gizartea eraldatzen jarraituko duten aldaketa txikiak lortzeko esperantza adierazi du Urtizbereak. Dena den, Abotsanitzek elkarrizketa aldarrikatzen jarraituko duela azpimarratu du, hasiera-hasieratik egin duen bezala. Baina herriaren txanda dela sinetsita dago. Azken urteotako prozesuek behartuta bada ere. Izan ere, jakina da konponbiderako elkarrizketa prozesua etengabea izan dela azken urteetan. Baina beti bulego itxietan. «Gaiak horrenbeste tentsio sortzen du, beharrezkoa zela espazio bat fisikoa eta denborazkoa lanketa modu sosegatu batean egiteko, eta hortan parte hartzen zuten guztiek beraien borondatea eremu seguru batean adierazi ahal izateko», dio.

Izan ere, elkarrizketa dinamika gatazka, epaiketa edo polemikatik urruntzeko helburua izan dute. «Zer gertatu zaigu? Ez dugula lortu. Eta aurten bereziki espazio itxi horietan hitz egiten zen hori kaleratu da, eta polemiketatik urrun mantendu beharrean, justu bilakatu da polemikaren fokua», argitzen du, eta gertatutakoak hurrengo fasera pasatzera behartzen duela pentsatzen du, debate publikoarena. «Sukalde lan horren epea bukatu da, eta agian jendartekoari eman behar zaio lekua». 

Edozein kasutan, alardearen gatazkan konponbidea lortzeko, aterabide zuzena baino, adostasunak beharrezkoak direla sinetsita dago Abotsanitz udal taldeko bozeramalea. Soziologoa den heinean, gizartearen eraldaketa argi ikusi baitu mende laurden honetan. «Egipziar gizartea ez zen aldatu 3.000 urtetan, hemen Hondarribian bai aldatzen goaz etenik gabe, belaunaldi berriek aldaketak ekartzen dituztelako, eta gazteek ez dutelako egindako edo esandakoaren zama hori sentitzen, baina entzun eta ikusi behar dute gauzak beste modu batera egin daitezkeela», dio eztabaida eraikigarria beharrezkoa dela nabarmenduz, «gizartearen transformazioa ematen da, debate bat ematen delako, eta konbentzituta gaude elkarrizketatik eratorritako adostasunak sendoak izango direnez, ez dutela atzerabueltarik izango».