Saindua proposamena - Alardeaz Blagan

«Geroz eta gehiago dira ez direnak guztiz gustora sentitzen alardean. Jaiak pozten gaitu, ilusioz bizi dugu, baina mina eta frustrazioa hor dago»

Antxeta Irratia 2024ko abe. 12a, 12:38

«Inor epaitu gabe eta herritar guztiak ahalik eta gustoen sentitzeko bidea zein izan daitekeen pentsatuz» sortu zuten zenbait herritarrek Saindua proposamena duela bi urte. Nahiara Goikoetxea lehen bospasei herritar horietariko bat izan zen «herrian gertatzen dena benetan mingarria» egiten zaiolako. Alardeaz Blagan podcastean aitortu digunez, bihotzean toki kuttun batean duen «erritoa eta tradizioa» babestuko den bitartean, «emakumeek hor egon nahi dute, eta egon behar dute».

Urte bukaera honetan Antxeta Irratian zabaldu dugun Alardeaz Blagan hausnarketarako txokoan, ahoan bilorik gabe hitz egiteko ausardia agertu dute eragile desberdinetan dabiltzan herritarrek eta udal taldeetako zinegotzik. Joan den irailaren 8an alkatearen ebazpenak eragindakoak ez ezik, azken urteetan alardean eta Hondarribiko herrian ematen ari diren aldaketak, eta herritar askoren partetik barne hausnarketak sozializatzeko beharra ikusita, Nahiara Goikoetxea, Saindua proposameneko kidea gonbidatu dugu.

Aitortu digunez, proposamenaren hasieratik parte hartu du. Zerbait aldatzen ari denaren sentsazioa du, eta isilik ez gelditzeko gogoa. Duela bi urte elkartu zirela bospasei pertsona minak batzen zituenak. «Benetan mingarria egiten zait gure herrian gertatzen dena, eta asko hitz egin eta gero, buruan bueltaka genituen gauzak partekatzen hasi ginen, eta Saindua proposamen hau osatzen joan ginen, oso kontziente garelako arazo bat dagoela, eta ezin dugula beste alde batera begiratu», dio Nahiara Goikoetxeak. 

Hala, ideia bateri forma ematen hasi ziren, «epaitu gabe herriaren argazki bat egin genuen, iritzi desberdinak zeudela ikusita, eta pentsatuz zein izan daitekeen bidea herritar guztiak ahalik eta gustoen sentitzeko» gogoratzen du Saindua proposameneko kideak. Alardea oso gertutik sentitzen duten herritarrak elkartu zirela azpimarratzen du. Azaldu duenez «gure nortasunean eta bihotzean toki kuttun bat du alardeak, baina horrek ez du kentzen argi dugula emakumeak toki bat behar duela alardean, eta nola hainbeste maite dugun, egingo genukela oso modu goxoan». Alardeko agintariengana jo zuten haien proposamenarekin. «Bai, eta ezezkoa izan zen», dio Nahiarak, «badirudi gaur egun alardearen ezaugarri nabarmenena emakumea ez atetzea dela, eta egia da mundu osoan urtetan eta urtetan kaleak gizonenak izan direla, eta normala da ospakizun batean beraiek izatea protagonista».

Baina Saindua proposameneko kideak gizartearen eraldaketaren jabe dira, eta herria horretarako prest egon daitekeela. «Jendeak ulertu du bizitza aldatzen doala, eta ikusi dugu jende asko alardea babestua dagoela sentitzen badu emakumeak parte hartzea onartzen duela», dio. Alardea babestua egotea, suposatzen duen «erritoa eta tradizioa» gordetzea dela argitu digu. «Bada zerbait, militarra dela edo elizan botua egiten dela, agian batzuk ez dutela hain begi onez ikusten hori, baina guk hori mantendu nahi dugu, gustatzen zaigu nolakoa den eta aktiboki parte hartzen dugu horretan. Baina orain bai! Argi dugu emakumeok hor egon nahi dugula, egon behar dugula», aldarrikatzen du. 

Nahiara Goikoetxeak herria maite du, Hondarribia, baita alardea ere. Baina egungo egoera ez du maite, ez du herria erdibituta ikustea atseginez hartzen. Eta ezin dela beste alde batera begiratu azpimarratzen du tinko. Aurrera begiratu beharra dagoela dio. Eta belaunaldi berriek konponbidea nahi dutela. «Nik ikusten dut jende asko hurbiltzen zaigula, eta ez duela oso argi zein izan daitekeen aldaketa, baina ez dela guztiz gustora sentitzen gaur egun egiten den alarde horretan, baina ez du hori galdu nahi maite duelako», azaltzen du.

Gatazka hainbeste luzatu izanak ere, urtero-urtero egoera berbera errepikatze horrek herritarrengan nekezia eragiten duela ikusten du herritarrengan. Eta bere ustez, alardearen bilakaeran eta parte hartzean berean, orohar eragiten du. «Aurten saiatu naiz alardea beste begirada batekin begiratzea, eta ohartu naiz zenbat jende falta den alardean, ez dakizu zenbat jendek utzi dion desfilatzeari!» ohartarazten du Goikoetxeak. Eta desmobilizazio hori ez du bakarrik konpainietan somatu, «alardea ikusten edo egun horretan denok ditugun ohitura txikiak jende askok aldatu ditu, zaporea gazi-gozoa dagoelako».

Zentzu honetan, alardea herriko jai nagusi eta ondare inmaterial gisa hondarribiarrak pozten dituen zerbait izan arren, beste hainbat sentimendu eragiten dituela atsekabez hartzen du Saindua proposameneko kide honek: «Alardeak pozten gaitu, ilusioarekin bizi dugu, baina mina hori hor dago, mina eta frustrazioa ere».