garoa lekuona - alardeaz blagan

«Sukaldatu dezakegu, baina gehiegi sukaldatzen bada erre daiteke! 30 urte ondoren ezin ditugu beste 10 galdu gauza berari bueltaka elkarrizketan»

Koldo Nausia 2024ko abe. 13a, 11:58

Joan den irailaren 8an alkatearen ebazpenak Jaizkibel konpainia herrian bat gehiago dela aitortzea ekarri badu ere, «eskubide eta obligazio berdinekin», alardeko konpainiei Berdintasun Legea betearazteko beharra ikusten du Garoa Lekuonak. Konponbiderako «ausardia eta elkarrizketa» beharrezkoak ikusten ditu, udala ez ezik, herria sujetu aktibo bilakatuz, baina «elkarrizketaren helburua, ezinbestean, alardea berriz ere publikoa izateko, herriarena izateko eta konpainiak nola txertatzen ditugun argitzeko behar du». Elkarrizketa osoa hemen. 

Urte bukaera honetan Antxeta Irratian zabaldu dugun “Alardeaz Blagan” hausnarketarako txokoan, ahoan bilorik gabe hitzegiteko ausardia agertu dute hainbat herritarrek eta zinegotzik. Joan den irailaren 8an alkatearen ebazpenak eragindakoak ez ezik, azken urteetako ibilbidea, eta bereziki, Hondarribiko herrian ematen ari diren sakoneko aldaketak izan ditugu aztergai ikuspegi desberdinak dituzten hondarribiarrekin. Orain artean bulego itxietan emandako eztabaidak eta herritarrek egindako barne hausnarketak azalerazi nahian, atzo Garoa Lekuona, Hondarribiko EH Bildu udal taldeko bozeramalea izan genuen gonbidatu.

Iazko keinuen urtearen ondotik, aurten izendatutako administrazioaren urtean alkatearen ebazpenak udalak hartzen dituen erabakien garrantzia agerian utzi duelakoan dago. Ebazpenak berak konponbidean zertan lagundu ote duen galdetu diogu Lekuonari. «Nik uste dut herrian beste konpainia bat badagoela aitortzen lagundu duela, 22. konpainia, besteen eskubide eta obligazio berdinak dituena», dio argi, «zeren orain artean Jaizkibel konpainia bigarren mailako herritarrez osatutako konpainia bat bezala kontsideratua izan da udaletikan». Aldiz, une honetan maila berdinean jarri zaiolakoan dago, bere ustez aski ez bada ere, «guk esaten dugu maila berdinean ez lukeela bukatu beharko, batzuk eskubideak errespetatzen dituztelako, eta beste batzuk ez». 

Konponbiderako hiru zutabe

Nolanahi ere, gatazka gainditu beharraz galdetuta, agintarien eta herritarren «ausardia» ezinbestekoa dela dio Lekuonak, eta hondarribiarrek elkarrizketaren bidean sakontzea. Udalaren kasuan, Hondarribian ia hiru hamarkadako gatazka gertatu izana kate luze baten ondorio izan delako bere ustez, erabaki politikoen ondorio. «Desastre hutsa izan zen hasiera, Borja Jauregi alkate zela, ez zelako udalbatzatik pasa ere, eta oso izkutukoa izan zen nola pribatizatu zen gure jaia», salatzen du. Hortaz, azken bi urteotan udalak erakutsi duen erabakiak hartzeko ausardia positiboa dela dio, aldaketaren gurpila martxan jarri dutelako. «Baina ausardia ez da aski, Euskal Herri mailako auzia bilakatu da, eta udalak ezin du bakarrik, denen babesa behar du», argitzen du.

Baita herritarrena ere. Izan ere, konponbiderako bigarren zutabea herrian datza bere aburuz, eta elkarrizketaren bidez bultzatu daiteke. Baina orain artean ez bezala, konponbiderako proposamen zehatzetara bideratutako elkarrizketa. «Elkarrizketa horren helburua konponbidea baldin bada iritsiko da, egia da katarsi bat egon daitekeela minak eta zauriak argitzeko, baina galdera da ea nola egiten dugun alardea berriz ere publikoa izateko, herriarena izateko, eta nola txertatzen ditugun konpainia desberdinak», azaltzen du Garoa Lekuonak, «zeren sukaldatu daiteke, baina gehiegi sukaldatzen bada, erre egin daiteke ere! Eta 30 urte ondoren ezin dugu beste 10 urte egon elkarrizketan beti gauza berari bueltak ematen, helburu jakinik gabe». Horretarako, herritarren garaia dela aldarrikatzen du, eta herri kontzeptua 2025ari begira «sujeto aktiboa» bilakatu behar dela. «Herritarren garaia ere bada, zeren zein da herria? Askotan erabili da herria batzuen jabetzakoa izango balitz bezala, baina Hondarribiak 17.000 biztanle ditu, eta oso zabala da».

Anitza izanagatik ere, Hondarribia kanpoan alardearen gatazkarengatik ezaguna izateak atsekabetzen du EH Bilduko ordezkaria. «Denok daramagu pisu hori motxilan, izan alde batekoak ala bestekoak, eta elkarrizketaren bidezko konponbideak ahalbidetu beharko du, zauriak ixteko katarsis bat emateaz gain, behingoz XXI. mendeko herri bat, eta herriak zer lasaitua hartuko duen ere bai». 

Zentzu honetan, legea betearazi eta agintariek herritarren eskubideak bermatzeko duten ardura ez zaio oharkabean pasatzen. Erabakiak hartu behar direlakoan dago, eta «udal gobernuan Abotsanitz eta EH Bilduk gehiengoa dugunez ahalko genuke dekretuz aldaketak ezarri», baina horrek ez duela konponbiderik ekartzen eta elkarrizketa ezinbestekoa jotzen duenez, EH Bildu udal taldea datorren urtera begira lanean ari da dagoeneko. Konponbiderako hirugarren zutabean udalgintzatik legea betearazteko neurri zenbaitzuk aproposak ikusten baititu. 2025 udal aurrekontuetan, adibidez, Berdintasun Legea haien estatutuetan onartu eta betetzen duten konpainiei zuzendutako dirulaguntzak eskatuko ditu koalizio subiranistak «Donostian egin den eredua jarraituz, konpainiek aseguruak eta segurtasun neurri batzuk bete behar dituzten bezala, Berdintasun Legea ere bete beharko luketelako».