"Alardeaz Blagan: herritarrak eta zinegotziak" podcastaren gurpilak jarraitzen du, baita bere iritzia libre eta errespetuz eman nahi duen orori irekia jarraitu ere. Urte bukaera honetan Antxeta Irratian zabaldu dugun hausnarketarako txokoan, ahoan bilorik gabe hitz egiteko ausardia agertu dute hainbat herritarrek eta zinegotzik. Joan den irailaren 8an alkatearen ebazpenak eragindakoak ez ezik, azken urteetako ibilbidea, eta bereziki, Hondarribiko herrian ematen ari diren sakoneko aldaketak izan ditugu aztergai ikuspegi desberdinak dituzten hondarribiarrekin. Udal talde politikoen itzuliaren gaurko txandan, Hondarribiko EAJ udal taldeko bozeramalea, "Txalo" Gonzalo Carrionek onartu du gonbidapena.
Joan den irailaren 8an alkatearen ebazpenak Jaizkibel konpainia herrian bat gehiago dela aitortzea ekarri du. Eta konpainia parekideak bide administratiboa ireki izanak jeltzaleak pozten dituela azpimarratu du: «udaletxean daramat urte batzuk, eta nire hitzetan esan det beti, guk hor egoteko Jaizkibelek egin behar zuen gauza bakarra zela errespetua adieraztea instituzioari», dio Carrionek, «eta aurten ez dakit gobernu aldaketarengatik izan den ala ez, baina egin dute eta baimena jasota EAJko lehena izan naiz harrera egiten, eta ez dut esango arraro edo ez arraro izan denik, baina emandako hitza bete dut», argitzen du.
Administrazioaren urtea izendatua izan den honetatik aurrera, alardean parte hartzeko bi modu legitimo daudela nabarmentzen du Carrionek. «Bi ofizialak, administratiboki legitimoak daude, eta biek izan zituzten aukera berdinak. Orain ahal duzu Hondarribiko Alardearen Ondarea Sustatzeko Elkarteak antolatzen duena edo Jaizkibelek antolatzen duenean atera», dio. Ikuspegi eta interes desberdinak defendatzen dituzten eragile edo taldeak daudela aitortzen du, Gure Alardea, Saindua eta Guztion Alardea bezalakoak, baina ez du halabeharrez ikuspegi desberdinen arteko akordioen beharrik ikusten. Berak pertsonalki ikusten dituen jaiak gustatzen zaizkiola aitortzen du, eta ikuspegi eta aukera desberdinak daudela ulertuta, «errespetuz eta inposaketarik gabe jaiak gozatzeko» direla aldarrikatzen du.
Elkarrizketak ea konponbidea ekar lezakeen galdetuta, ez du dialogoaren beharra ukatzen, baina errespetua entendimenduaren gainetik ezartzen du. «Hitz egin bai, ondo dago hori, baina hortikan aurrera gatazka baten bila egotea beti... eta elkarrizketa beharrezkoa da, baina zertarako?», dio EAJko zinegotziak, «zeren baldin bada alarde parekide bat lortzeko bideratutako elkarrizketa, ez goaz ondo. Errespetua behar da, eta norberak badu bere egia, baina inposaketa ezin dugu onartu».
Hondarribiko alkateak herria adixkidetu beharra duela aldarrikatu badu ere, mende laurden luze honetan luzatutako alardearen gatazkak eragindako zauriak hor daude. Aldiz, Gonzalo Carrionek minak aitortuta ere, ez du aparteko oztoporik ikusten horretan. «Gatazka egon zan, eta horrek mina sortu zuen garai hartan, eta alde guzietan egon zen mina. Zauritzen dizutenean hor geratzen dira betirako, baina jakin behar dugu hori superatzen. Atzera begiratu behar da ikasteko, baina aurrera begiratu beharra dugu, etorkizunera», dio. Eta etorkizunerko bidean errespetua jartzen du gainontzeko gauzen gainetik. «Errespetua behar da, edo errespetuak. Denok eskaini behar diogulako frentean dugunari errespetua», azaltzen du. Bere ustetan, eskubide edo arazo politikoa baino, elkarbizitza arazo bat delako alardearen auzia. «Konbibentzia arazo bat da, ez politikoa. EAJ udal taldean eta alderdian bertan ere pentsamolde oso desberdinak daude», dio adibidetzat hartuz, «baina konponbidea zein den, jakingo bagenu? Errespetua eta inposaketarik ez, hori da egin behar duguna, eta denborak esango du».
Denbora kontuetan, udal gobernu berriak bultzatuta 2023an eta 2024an "keinuen" eta "administrazioaren" urteek eragindako aldaketak behin neurtuta, 2025eko irailaren 8a nola irudikatzen duen azaldu digu Gonzalo Carrionek. «nahiko nuke aurtengoaren modukoa izatea zoragarria izan zelako, baina egon zen tentsio politikorik gabekoa», dio. Izan ere, bere alderdian eta beste udal taldeetan gaizki pasa zutela aitortzen du. «Ez da bakarrik jai nagusiaren eguna, abuztuan hasi ginen horrekin, eta tentsio handia zegoen herrian eta paliatu genuen azkenean, irailaren 7an zinegotzi batentzako egunik politena, ni eta nire alderdikideak negarrez bukatu genuen, eta pena handia eman zidan horrek», azaldu digu. Alardearen egunean, aldiz, azken urteotan herritarren arteko tentsioa asko apaldu dela dio, «kaleetan, gauean, bazkarietan... jende elkarrekin dago eta bakoitzak bere modura ospatzen du errespetuz», azpimarratzen du, «eta hori lortu behar dugu, herriko jai handiena da eta disfrutatzeko eguna behar du guztiontzat».