"Alardeaz Blagan: herritarrak eta zinegotziak" podcasta errespetuz bere iritzia eman nahi duen orori irekita utziko du Antxeta Irratiak. Baina urte bukaera honetan proposatutako hausnarketarako txokoaren lehenbiziko itzulia, eta udal talde politiko desberdinetako zinegotzien erronda borobiltzeko, ahoan bilorik gabe hitz egiteko gonbidapena Iosu Alvarez (PSE-EE) sozialistak onartu du gaur.
Joan den irailaren 8an alkatearen ebazpenak eragindakoak ez ezik, azken urteetako ibilbidea, eta bereziki, Hondarribiko herrian ematen ari diren sakoneko aldaketak izan ditugu hizpide. Aurtengo irailaren 8a «mugitua» izan dela dio, «baina beste urte asko bezala». Sozialisten jarrera Hondarribian beti «zentzua erabiliz jokatzearen aldekoa» izan dela azpimarratzen du. «Beti esaten dugu baten askatasuna besteenganako errespetuan dagoela, eta poliki-poliki joan behar dugula bide bat jorratzen», argitzen du. Urrats mantso horietan kokatzen du prozesu luze eta korapilatsu baten ondorio gisa ulertzen duen aurten udalak emandako urrats administratiboa. «Aurten pausu garrantzitsuak eman dira udalak dekretu bat ateratzearekin, eta auzitegi gorenaren iritzian oinarrituta gainera, bi aukera legitimo daudela onartuz», azaltzen du Iosu Alvarezek. Eta duela 17 urte zinegotzi sartu berri zela berak hartutako lehen erabakiak arrazoi eman diolakoan dago. «Iritsi nintzenean egon zen plastiko beltzen asuntoa, eta hori superatu egin dela uste dut, baina bi iritzi desberdinak zeudela ikusi nuen, eta errespetuz jokatuz nik biei harrera egin nien elizan. Azkenean bukatuko dugu biak onartzen, eta duela 17 urte nik egindako keinu berbera denok egiten», aldarrikatzen du.
Dena dela, keinuetatik haratago udalak alardearen afera konpontzeko ezer gutxi egin dezakeela uste du zinegotziak. Azken urteetan Hondarribiko Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik, eta Jenny Pearcen bitartekaritzarekin elkarrizketa mahaiaren bueltan lanketa sakona egin bada ere, bere ustez «udala laguntzaile izan daiteke, baina politikak ez du hau konponduko, gizarteak konpondu behar du elkarrizketaren bitartez». Aldi berean, gizarte mailan bakoitzak sentitzen duenari erantzuten diola, eta horrek errespetua behar duela argitzen du Alvarezek.
Eskubideak errespetatu eta legeak beteraztea erakunde publikoen ardura ez ote den galdetuta, kontraesan handiak daudela pentsatzen du. «Zer da legea? Gizartearen iritzia bera ere legea bada, eta horrek ere badu bere balorea», dio. Bere hitzetan, Auzitegi Gorenak alardea ospatzeko eskubidea aitortua dio Hondarribiko Alardeari ekimen pribatu gisa ere, eta «alkateak aurten sinatu duen dekretua bera, funtsean auzitegiak esandakoa oinarrian du, bakoitzak ospatu dezakeela jaia bere iritziaren arabera». Eta zentzu honetan, Auzitegi Gorena Eusko Jaurlaritzak Euskadin emana duen Berdintasun Legearen gainetik dagoela azpimarratzen du.
Hala ere, dekretuez gain, eta erakunde publikoen erabakietaz harago, elkarrizketa falta dela uste du. Herritarren artekoa. «Elkarrizketak beti dakar konponbidea, elementu funamentala da, baina bat bestearen errekonozimenduan oinarritzen bada, eta errespetuan oinarrituta, enpatiaz, bestearen lekuan jarrita», argitzen du zinegotzi sozialistak. Baina horretarako borondatea ezinbestekotzat jotzen du. «Borondatea eta ezadostasunak kontrolatzen ikastea». Eta aurten irailaren 7an Arma Plazan gertatu den bezala, edo irailaren 8an sor daitezkeen tirabira eta tentsio uneei dagokienez, politikarien kasuan gauzak «kiroltasunarekin hartu» behar direla uste du. Gainerakoan, gizarte mailan, «Gauzak muturrera eraman gabe, pertsonak gara eta elkarren beharra dugu, gauza horiek guztiak balorean jartzen baditugu, ezadostasuna kontrolatzen ikasiko dugu», uste du.
Hari beretik, 2025eko irailaren 8ra begira, Iosu Alvarezek ez du aldaketarik espero. «Esperientzia bat badaukagu, bakoitzak badakigu non gauden, eta gero gizarteak esango du, baina bi interpretzazio edo bi sentimendu daude, eta oraindik urte batzuk horrela jarraituko duela uste dut».