Bihar, 80. urtemugarekin batera lore eskaintza egingo da Hondarribiko hilerrian 11:00tan. Eta 19:00tan, hitzaldia emango dute Alde Zaharreko Kultur Etxean. Ostiralean, aldiz, "Hondarribiko Gorria" dokumentalaren emanaldi bikoitza antolatu dute Itsas Etxea auditoriumean, 18:30ean gazteleraz emitituko da eta 20:00tan euskaraz. Aitor Baztarrika zuzendariak egindako ‘Jesus Carrera: Hondarribiko Gorria’ dokumentala argitaratu zutenetik, Jesus Carreraren figura berreskuratu ahal izan dute herrian, maiatzaren 31n proiektatu zuten aurrenekoz, Hondarribian, Itsas Etxean, eta geroztik, hainbat jaialdi eta aretotan erakusteko aukera izan dute, baita azaroan Irunen ospatutako FICAB jaialdian erakutsi eta Herritarren Saria jaso zuen ikusleen bozkari esker.
Dokumentalaren sorrera bultzatu zuena Jesus Carreraren desobiratzea izan zen, Alcala de Henareseko hilerrian, Madril inguruan, 1945ean fusilatu zuten lekuan berean. Lan arkeologiko horrek zuen dokumentalaren prozesua abiarazi, eta herriko zenbait historialari aritu dira luzaz ikerketa horretan, Jesus Carreraren gorpuzkinak Hondarribiko hilerrian familia panteoian atseden hartzea lortu artean. Aitzol Arroyo Tumas da horien artean, berak aipatu digunez, Hondarribian justiziazkoa zen Alderdi Komunistaren estatuko idazkari nagusia izatera iritsi zen pertsona nor zen jakitera ematea. Argitzen duenez, «Kandido Saseta bezalako figura bat bagenuelarik Hondarribian, plaza batek bere izena duena herrian, ba haren tamainako figura izan zitekeela uste genuen Jesus Carrera Olaskoagarena». Euskal komunista honen historia pertsonal eta politikoa berreraikitzen duen dokumentala, «memoria, egia eta erreparazioaren bidetik egin beharra» zegoela dio.
Luze eta zabal kontatu digu haren bizitza. Hondarribian sortu eta politika eta sindikalgintzan lehen urratsak eman ondoren, PCE alderdiaren idazkari lanetan Irunen hasi zen arte. 36ko estatu kolpearen ondorioz, aldiz, gerra zibilaren frontearen bilakaerarekin batera Irundik, Donostira, eta hortik Durangora eta Bilbora joan zen frentean. Bartzelonara egin zuen gero, eta hortik Frantziara. Baina Pirinioei itzulia eman eta Baionan nazien kontrako informazio eta espioitza lanak egin ondoren, 1943an Madrilen amaitu zuen PCE alderdiaren idazkari nagusi bezala. Han atxilotu zuten, eta bere militantzia aurrera eramateko heriotz zigorra jasateko prest, manipulatua zegoen epaiketan bere burua defenditzea eskatu zuela kontatu digu. Atxilotu ondoren, 153 egunez euki zuten Madrilgo Puerta del Solen zegoen Division General de Seguridad egoitzaren sotoetan torturatzen, hanketan mugikortasuna galdu zuen arte. Azkenik, heriotz zigorra urtarrilaren 15ean jaso zuen, eta 24 ordu beranduago fusilatu zuten aulki batean eserita, torturen ondorioz ez zelako zutik mantentzeko gai ere.
Azken urteetan egindako ikerketari esker haren gorpuzkinak aurkitu eta desobiratze eta lan arkeologiko bideoz grabatu zuten, dokumental bat egiteko asmotan. Eta horren emaitza da, haren senideen azalpen eta bizipenekin batera, joan den maiatzaren 31n bere herrian estreinatu zuten ‘Jesus Carrera: Hondarribiko Gorria’ dokumentala. Bihar, urtarrilak 16an, fusilamenduaren 80. urteurrenean berriz ere ikusi ahal izango da Itsas Etxean.