Bideoak

“Frankismo krudelean, Jesus Carrera Olaskoagak bere bizia eman zuen alderdi komunistaren alde”

Aimar Lopez 2024ko mai. 29a, 18:00

Ostiralean estreinatuko dute “Hondarribiko Gorria: Jesus Carrera” dokumentala Hondarribiko Itsas Etxea auditoriumean. Espainiako alderdi komunistaren Idazkari Nagusi izan zen herrikidearen memoria ohoratu nahi izan dute filmarekin.

Hondarribiko Gorria, Jesus Carrera Olaskoaga PCE alderdi komunistaren Idazkari Nagusi izatera iritsi bazen ere, oharkabean pasatu da bere izena eta izana orain artean. Eta errepresio frankistaren biktima fusilatuta hil eta 79 urteren ondoren, euskal komunista honen historia pertsonal eta politikoa berreraikitzen duen dokumentala, «memoria, egia eta erreparazioaren bidetik Hondarribian estreinatu beharra» zegoela diote egileek. Are gehiago jakinda, Jesus Carreraren historia ikertu, bere gorpuzkinen exhumazioa eta dokumentala bera, Hondarribitik eta hondarribitar askoren parte hartzearekin eramandako prozesu konplexua izan dela.

Orreaga Films ekoiztetxearen lana da dokumentala, Aitor Baztarrikaren zuzendaritzapean. Aholkularitza historikoan berriz, Aitzol Arroyo ibili da. Antxeta Irratian izan ditugu biak, Carerraren bizia eta engaiamendua nolakoa izan zen azaltzeaz gain, dokumentalaren sorreraren nondik-norakoak ere azaltzen.

Azken emaitzarekin pozik daudela diote, eta estreinaldirako gogo handiak dituztela parte hartzaileen eta Carreraren senideen aurpegiak ikusteko. Proiektua hasi zutenean ez zeukaten tresna eskuartean daukatelakoan baitaude. «Jon Kerejeta etorri zitzaidan komentatuz, hondarribitar bat alderdi komunistako idazkari nagusia izatera iritsi omen zela», gogoan du Aitzol Arroyok, «eta Kandido Saseta bezalako figura bat bagenuelarik Hondarribian, plaza batek bere izena duena herrian, ba haren tamainako figura izan zitekeela Jesus Carrera Olaskoagarena». Nor eta zer izan zen arakatzen hasi ziren orduan, ahanzturaren hautsak arrotzen. Eta gaur da “Hondarribiko Gorria” dokumentala historiarekin zorrak kitatzeko prest dagoen eguna.

Lana aurrenekoz ostiralean proiektatuko dute Hondarribiko Itsas Etxea auditoriumean, 19:00tan. Sarrera urririk da, baina erreserba egin behar da, eta lekuak agortzear dira.