Hondarribiak bertako artisten margo-oihal bilakatu ditu herriko paretak

Antxeta Irratia 2025ko urt. 17a, 11:18

Ainara Oskoz Bergaretxe hondarribiarraren "Murgildu" muralak hausnartzera gonbidatzen du Itsas Etxearen kanpoaldean. Hondarribiko Udalak azken bi urteetan herriko hormak bertako artisten kultur adierazpenetarako "lientzo" bilakatu ditu. Kultura Sailetik azpimarratu dutenez, «bizi dugun garaia ausardiatik, berrikuntza eta irekiduratik murgiltzeko gonbidatu nahian».

Hondarribiko artistek herriko kaleak hartu dituzte. Erakusketa areto egokien faltan, Hondarribiko Udalak bertako artisten sorkuntzak herriko paretak apaintzeko dinamika hartu du azken bi urteotan. Hainbat dira horren lekuko ditugun hormak herrian. Judas Arrieta margolariaren eskutik auzolanean bultzatutako proiektuak ditugu horietariko batzuk, Mendelun sahiesbidearen azpiko horman auzoko bizilagunekin egindako proiektua, edota Hondarribia Kultura ekimenaren baitan ere, joan den udaberrian Muliateko Kandido Saseta plazan auzoa batzeko helburua zuen murala. Irudi berria, kultura bizia lelopean ‘Etorkizuna’ izendatu zuten 3,40 x 20 metroko horma irudia.

Joan den abenduan, aldiz, Euskara Sailetik bultzatuta, eta Euskal Azokaren egitarauaren kultur ekimenen baitan, Jabier Ugarte kaleko BAZ bulegoaren parean, Naiara Goikoetxea artista hondarribiarraren eskutik mural baten margoketa egin zuten 12-18 urte arteko gazteen parte hartzearekin. 

Abenduan Naiara Goikoetxea artistak zuzenduta ere, 12-18 urteko gazteek beste mural bat egin zuten Jabier Ugarte kalean

Oraingo honetan, aldiz, Itsas Etxea izan da sorkuntzarako margo-oihala. Ainara Oskoz Bergaretxe hondarribiarrak, Jone Iturriaren laguntzarekin “Murgildu” izeneko murala egin dute Itsas Etxea Auditoriumaren kanpoaldean. Udaleko Kultura sailetik bultzatutako ekimen honek Itsas Etxearen inguruko paisaia aintzat hartu nahi izan du, eta Ainara Oskozek planteatutako eskuartzea Auditoriuma, Marinel itsasontzia eta itsasoaren arteko lotura izan da. Elementu nagusia arraina da.

Udalak argitu duenez, horma irudi eta muralen kultur adierazpenei bide emanez, bizia eman nahi zaio inguruari, transmisioa bultzatu. «Hausnarketa bat ere planteatzen digu, modu batera edo bestera “iturri zaharreko ur berria”, bizi dugun garaia ausardiatik, berrikuntza eta irekiduratik murgiltzeko gonbidapena da» azpimarratu dute Kultura Sailetik.