Hondarribian dabilen edonor ohartu daiteke ostatuen terrazek aspaldi hartua daukatela herriko espazio publikoaren parte adierazgarri bat. 80 bat establezimenduk dute terraza herrian. Harreman sozialetarako oinarrizko elkargune izanik, bertakoen zein bisitarien topagune nagusia dira gaur egun. Hondarribiko Udalak ongi daki hori. Baita ostalaritza ere herriko ekonomiaren zutabe garrantzitsu bat dela. «Hori dakigulako terrazak arautu beharra dagoela pentsatzen dugu», dio Estitxu Urtizberea Hirigintza arloko ordezkari eta alkateordeak, «eta ostalariek mehatxu bat bezala ikusi dezakete, baina azken urteetako bizikidetza arazoak sahiesteko eta kolektibo guztiei berme juridikoa emateko ezinbestekoa da».
Oreka berrezarri beharra
Euskal Herrian udalerri gutxi egongo dira Hondarribiak bezain beste ostatu, jatetxe eta terraza dituenik. Baina orain artean Alde Zaharrean eragina zuen 2005eko udal ordenantza bat besterik ez da izan indarrean. «Hau motz geratu da eta zaharkitua, urte hauetan lege berriak garatu direlako, eta hauek ez dira betetzen herrian», argitu du. Irisgarritasun Legea da adibide bat. Terrazek pasabideak okupatzen dituzte, eta honek herritarren eta ostalarien arteko liskarrak sortzen ditu sarritan. Eta 2020ko COVID pandemiaz geroztik terrazen erabilera ohiturak orokortu direnez, «neurririk gabe hedatu dira terrazak eta eskutik joan zaigu».
Udalak nekez kudeatu dezake hau udal ordenantza argi bat plantan eman gabe. Eta «ostalarien “harek egin dik ba!” ez du balio, terrazak arautu behar ditugu, ostalari askok ez dakitelako zergatik kobratzen zaien, edo zer egin dezaketen eta zer ez», dio alkateordeak. «Orain arte asko arautu da modu indibidualean, edo ahoz, eta arautua ez egoteak ekarri du ostalarien arteko desoreka ere», argitzen du. Udaleko jardunean ere departamenduen arteko «disfuntzioa» eragiten dituela aitortu du. Hortaz, Hirigintza, Ogasun eta Udaltzaingoak berme juridikoa behar dute.
Prozesu ahalik eta parte hartzaileena
Hartara, espazio publikoaren erabilera egokia egiteko, jarduera ekonomikoaren eta herritarren eskubideak uztartuko dituen udal ordenantza berria osatzeko prozesuari ekin dio udalak. “Terrazak, Topaguneak" lelopean abian jarri du prozesua, eta atzo (urtarrilak 20) herritarrek haien iritzia eman dezaten 15 eguneko epea ireki dute. Jabier Ugarte kaleko BAZen egoitzan aurrez-aurre, ala erregistro elektronikoaren bitartez egin daiteke. «Ez da kexak egiteko, orain arte egindako lanari ekarpenak egiteko baizik», argitu du Urtizbereak.
Izan ere, aldez aurretik 0 Fase bat ere landu dute inplikatutako kolektibo desberdinen iritziak jaso eta arautegia zehazteko oinarri gisa kontutan hartzeko. Ostalariekin bildu ziren, eta mesfidati zeudela aitortu badu ere, «80 lagun inguru elkartu ginen eta eskertu ziguten halako entzuketa aktiborako foro bat antolatu izana, haien hitza ere entzutea garrantzitsua delako», azpimarratu du alkateordeak. Udal teknikariekin ere landu dute gaia, eta espazio publikoaren erabileran zaurgarrienak diren ezgaitasunen bat duten kolektiboekin ere. «Pentsa genezake kexuaren bidetik parte hartuko zutela, terrazek oztopatzen dituztelako. Baina kontrakoa izan da, aulki gurpildunean dauden pertsonek aitortu digute terrazetan sozializatzen dutela bereziki, askotan taberna barrura sartzeko zailtasunak dituztelako», argitu du.
Nolanahi ere, udalak erregistro ofizialean jasotako eskabide eta kexatan ez ezik, Mugikortasun Mahaian 2024-2027 aldirako proiektuak lehenesteko tailerrean, edota Auzo Bihotzak tailerretan ere jaso dituen eskaerak bultzatuta, «batzuen eta besteen interesak» arau argien baitan ordenatu beharra dago. «Beste udalerri batzuetan laugarren ordenantza dute indarrean, eta hemen ez dugu halakorik, iez ginatekela eszenatoki honetara iritsi behar, dexente lehenago eskua sartu behar zitzaiola honi, eta hortik orain ditugun zailtasunak kudeatzeko», aitortu du Hirigintza arloko ordezkariak.
Oreka berrezarriko duen udal ordenantza osatzeko prozesua «luzea eta konplexua» izango da, hala ere. Orain herritarren iritziak jaso eta dokumentua osatu ondoren, alegazioak aurkezteko epeak agintzen dituelako prozesu administratiboak. Eta udalbatzak onartu beharko du ere indarrean sartu aurretik. Udal gobernuaren asmoa uda honetan aplikatu ahal izatea bada ere, lehentasuna «adostasun mailarik handiena» lortuko duen araua garatzea dela azpimarratu du Estitxu Urtizberea.