Santiago kalearen lehen fasearen berriritartze lanak amaituta, trafikoa ohiko zentzura bueltatu da. Hondarribiko Udalak jakitera eman duenez, kalearen hasieran, 1etik 21era doan tarteko lanak aurreikusitako epean amaitu dituzte. Uztailaren 1ean hasi zituzten lanak, eta Igor Enparan alkateak gogoratu du «Sabin Aranako obrarekin egin zen bezala, Santiago kalean ere udako hilabeteak lanak egiteko baliagarriak izan direla».
Orotara, 1.183.846 euroko inbertsioa egin dute obra honetan, eta Estitxu Urtizberea Hiri Antolamendurako udal ordezkariak azpimarratu du proiektuaren helburu nagusia mugikortasun jasangarriago baten alde egitea izan dela. «Irisgarritasuna hobetu beharra zegoen, bizilagunei eta erabiltzaileei begira, paraleloan doan San Pedro kalearen irizpide bera jarraituz», argitu du alkateak. Oinezkoentzako espaloiak zabaldu egin dituzte, eta oztopo arkitektonikoak ezabatu. Bestalde, Estitxu Urizberea zinegotziak gaineratu duenez, hiri altzariekin batera argiztapena ere berritu da. «Berritze hori, besteak beste, genero ikuspuntu batetik ikusita garrantzitsua dela uste dugu», esan du.
Azaleko barrera eta gabeziak zuzentzeko balio izan badu ere, hobekuntzetatik harago, sei hilabetez luzatutako proiektua Txingudiko Zerbitzuekin lankidetzan egin dute. Izan ere, lurrazpiko saneamendu eta ur hornidura sareak, eta telefono zein argindar azpiegiturak berritzeko ere aprobetxatu dute.
Udalak argitu duenez, Santiago kalearekin batera, Harresilanda kaleko errepidearen asfaltoa berritu da zati horretan, kalearen hasieran dagoen Soroetara igotzeko tuneltxoa egokituz, eta Bienvenida Emazabel plazatxoko lurra garbitu dute. Horiek horrela, behin lanak amaituta, trafikoa obra hasi aurretik zeukan zentzura bueltatu da. Santiago kaletik sartu, eta San Pedrotik atera egin beharko da. Kalean ezin izango da autoa utzi, eta ahal bada, garajea dutenek eta ezinbestean hortik igaro beharko direnek erabiltzea gomendatu du udalak.