Joan den astean Madrilen ospatutako FITUR turismoaren nazioarteko azokan, Erdi Aroko Hirien Sareko urteko asanblada egin zuten, eta Hondarribiko Udalaren ekimenez sortutako ekimena izanik, Igor Enparan alkateak sarearen presidente gisa parte hartu zuen bertan. 2024 urtean aurrera eramandako ekintzen balorazioa egiteaz gain, 2025erako proiektuak aztertu zituzten bertan. Sareare helburua, erdi aroko ondare historikoa turistikoki promozionatzea izanik, partaideek amakomunean daukaten historia, arkitektura eta gastronomiaren eskutik ekintza ezberdinak proposatzen dituzte urtero.
Aurtengo asanbladan, aldiz, sarea handitzeko erabakia hartu dute. Izan ere, Extremadurako Valencia de Alcantara (Caceres) 5.000 biztanleko udalerriak bat egin du, eta dagoeneko zortzi kidek osatzen dute: Erdi Aroko Hirien Sareak bere sorreratik buru duen Hondarribia, eta aipatutako kide berriaz gain, Laguardia (Araba), Lizarra (Nafarroa), Almazán (Soria), Jerez de los Caballeros (Badajoz), Sigüenza (Guadalajara) eta Portugalgo Marvao. Hain justu, Valencia de Alcantara partaide berria Portugalekin muga herria da, eta Marvaotik 20 kilometrora besterik ez dago. Igor Enparanek baikorki hartu du sarearen zabaltzea, «kide berriak batzea garrantzitsua da, eta hazten doan ekimena dela erakusten du, Andaluzia eta Gaztela Mantxako zenbait udalerriekin harremanak izan ditugu ere, eta elkartera kide berri gehiago batzeko aukerak daude» argitu du.
Ekimen kultural eta gastronomikoak
Bestalde, Madrilen egindako asanbladan, 2025eko Erdi Aroko Nazioarteko Pintxo eta Tapa Lehiaketaren XVII. edizioa Almazan (Sorian) herrian ospatzea erabaki dute. 2014. urtean ere bertan antolatu zuten, eta ohikoa den bezala, udazkenean, urriko asteburu batean ospatuko da. Aurretik, Hondarribiko ostalarien arteko Erdi Aroko Pintxo Lehiaketa deituko du udalak, ekainean ospatu ohi den Erdi Aroko Azokaren bueltan. Bertan erabakitzen baita nazioarteko lehiaketan Hondarribiko ordezkaria nor izango den.
Ondo sendotuta dagoen hitzordu gastronomiko hontaz gain, erdi aroko izaerari lotutako ekimen turistiko berriak ere martxan jarri dituzte elkartetik azken urteotan. Igor Enparan Hondarribiko alkateak joan den uztaila eta abuztuan Arma Plaza fundazioak antolatutako "Noches de luz" Alde Zaharrera gaueko bisita gidatuek izandako arrakasta azpimarratu du. Sareko kide Sigüenza (Guadalajara) herrian antolatu zituzten aurreneko aldiz, eta haien eskarmentuaren laguntzaz «partaideen arteko elkarlanaren» irudiko dela nabarmendu du Enparanek.