Igor Enparan Araneta Hondarribiko alkatetzara heldu zen bezain pronto argi utzi zuen udal langileen balorazio objetibo bat egin beharra zegoela. «Udalak ezin du lan prekarietatearen iturri izan herrian», esan zuen. Eta horretarako, orain arte udal langileen artean zegoen %70eko interinitatea apaltzeko neurriak hartu behar zirela iragarri zuen. Eta azken urte eta erdian, Hondarribio Udalean giza baliabideen egokitzapen eta hobekuntzen inguruan lanketa sakona egin ondoren, alkateak egoera zuzentzeko aurrerapausoak eman dituztela azpimarratu du.
«Gobernu Talde hau 2023ko ekainean lanean hasi zenetik, ezinbestekotzat jo dugu Udalak herritarrei zerbitzu hobeago bat eskaini behar zuela, eta hala, lan handia zegoela egiteko Udalaren giza baliabideetan eta hauen hobekuntzan», argitu du Igor Enparan alkateak. Zentzu honetan, alde batetik egonkortze prozesuak egin direla aditzera eman du, 16 prozedura izan dira 40 udal funtzionarioen lanpostu egonkortzeko. Bestetik, lanpostuen balorazio objetiboa egiten hasi dira, eta azkenik, oposaketa deialdiak egin nahi direla azpimarratu du alkateak.
Udal gobernuaren helburuetan udal langile taldearen aldibatekotasun tasa handia apaltzea da. «Oso altua zen %50ekoa duela urte eta erdi, eta oraindik ere hala da, baina lanean jarraituko dugu Europatik markatzen den %8ra iritsi arte, oso zaila dela dakigun arren, tasa %25era jaitsiko da», argitu du Enparanek. Udalaren egiturazko langileei gainontzeko guztiak batuta, interinitatea ia %70ean zegoen, eta orain %40an dagoela zehaztu du alkateak.
Lanpostuen balorazio objetiboa
Beste urrats garrantzitsu bat ere eman berri dutela iragarri du. Pasa den astean lanpostuen balorazio objetiboan aritzeko lehen bilera egin zuten udal langile eta ordezkari sindikalekin. Alkatearen arabera, Lanpostuen Balorazio Objetiboa edozein Administrazio Publikok bere Giza Baliabideen kudeaketarako ezinbesteko duen tresna da. «Horrek lanpostu bakoitzaren ezaugarriak eta funtzioak zehaztea ahalbidetzen du, baita ordutegiak, ardurak edo disponibilitatea edota ordainsariak zehaztea ere, ikuspuntu orokor eta homogeneo batetik», argitu du.
Hala ere, proiektu honekin haratago joatea bilatzen dutela iragarri du. «Lanketa honek udalaren beharrak identifikatzea du helburu, gabeziak mahai gainean jarriz eta etorkizunerako beharrak bideratzeko tresnak ahalbidetzeko aukera emango digu», azpimarratu du. Horretarako, esperientzia handiko enpresa bat kontratatu du udalak, Rodriguez Viñals. Enpresa Mallorkakoa bada ere (Balear Uharteak), langilegoak prozesu osoan zehar euskaraz aritzea bermatu du. Prozesu honek gehienez ere 10 hilabeteko iraupena izatea aurreikusten du udalak, eta langilegoaren partaidetzarekin.
Oposaketa deialdiak
Bestalde, udalak egin beharreko lanak aurrera eraman ahal izateko, hainbat lanpostu berri sortuko ditu udalak oposaketa deialdi bidez. «Gure asmoa 15-20 bat lanposturen oposaketa deitzea da», iragarri du Enparanek. Zehazki, bost administrarirena abian jarri berri dute, eta beste bost udaltzainena egin nahi dutela aurreratu du. Era berean, artxibaria, arkitektoen plazak, aparejadoreena, eta administrazio orokorreko teknikari baten postua ere bete nahi dute oposaketa bidez.