Kasino Zaharrean "Salda Badago", bost urte luzeko itxiera eta gero

Koldo Nausia 2025ko ots. 5a, 12:05

2020ko Covid pandemiarekin itxi zituen ateak, eta 2022ko urrian Kasino Zaharrak ohiko ikastaro eta jarduerak berreskuratu zituen arren, taberna-kafetegiak gaur berrireki ditu ateak. Maria Amada Sagarzazuk kudeatuko du, eta  herri osoari irekita dagoenez, zahartze aktiboa eta belaunaldien arteko harremanak saretzeko elkargune bilakatzea nahi du Hondarribiko Udalak.

«Udaletxera sartu ginenetikan Kasino Zaharreko taberna irekitzea ezinbestekotzat jo dugu, eta kostatu da, baina lortu dugu». Josu Peña, Gizarte Kohesiorako zinegotzia udalak herriko adinekoekin zuen zorra kitatzearekin batera, zahartze aktiboa sustatzeko politiketan urrats garrantzitsu bat ematen ari direlakoan dago. 2020ko Covid pandemiarekin batera itxi zituen ateak Kasino Zaharrak Hondarribian. Ordu arte herriko adineko pertsona askorentzat ezinbesteko zerbitzuak eskaintzen dituen Kasino Zaharreko juntak bere ohiko jarduera 2022ko urrian berreskuratu zuen, ikastaro, dantza edota antzerki tailerrekin, besteak beste. Behin martxa hartuta, 2023 eta 2024 urteetan ere, 200ndik gora pertsona ibili dira bertan antolatutako jardueretan. Juntako kide Txomin Ariztondok argitu duenez, «ez gara lo gelditu, eta dinamika badago, baina tabernak berriz ere irekitzearekin pozez txoratuak gaude, beste dinamika sozial bat sortzen duelako». 

Asteazkenetan itxita egongo da, baina gainerako egunetan 9:30etik 20:30era irekita egongo da kafetegia. 

Iritzi berekoak dira gaur Kasino Zaharreko tabernaren ateak ireki, eta goizeko lehen kafea hartu, lagunekin elkartu edota egunkaria irakurtzera hurbildu diren dozenaka herritarrak ere. Izan ere, ia bost urte eman ditu taberna-kafetegiak itxita, eta 2022an Kasino Zaharra etxea ireki bazen ere, tabernaren esleipen berria ez zuen udalak oraindik martxan jarria, eta beraz, berrirekitzea «nahi baino gehiago luzatu egin da» aitortu du zinegotziak. 

Garai hartan Gotzone Larrarte (EAJ) zen Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia, eta lizitazio berria lehenbailehen egiteko lanean ari zirela aditzera eman zuen. Baina Abotsanitz udal taldeak argitu duenez, 2023ko udan gobernuan sartu berri zirenean ohartu ziren espedientea hutsik zegoela, eta hutsetik hasi beharko zutela zerbitzua berriz martxan jarri nahi bazuten. Udalak jakitera eman duenez, «ia dena berritu behar izan da azken urte eta erdi honetan, eraikina eta barruko ekipamendua egoera oso txarrean zegoelako».  

Belaunaldien arteko topagune

Barran, "Salda badago" eta txorizo egosia edo kroketak iragartzen dituen arbelaren aurrean, Maria Amada Sagarzazu urduri topatu dugu bere lehendabiziko egunean. Berak hartu du kafetegiaren ardura, «gure aiton-amonek merezi zutelako, eta ikusmin handia zegoenez lehen egunean jende asko espero nuen», esan du pozik, ireki bezain pronto, taberna eta terrazako mahaietan adin guztietako hondarribiarrak ikusita. 

Hain justu, Josu Peña Gizarte Kohesiorako zinegotziak taberna honek zaintza komunitarioari bultzada emateko lor dezakeen erreferentzialtasuna ere aldarrikatu du. «Irekia egongo da herri osoari, eta beraz, jubilatu eta adineko pertsonak ez ezik, hemen bildu daitezke beste adin gazteagokoak ere, eta belaunaldien arteko harremanak saretzeko topagune bilakatzea nahi dugu», esan du. Udalak abian jarri dituen Auzosare bezalako zaintza komunitarioa sustatzeko proiektuak borobiltzera datorren zerbitzua dela uste du. Taberna xumea izanagatik ere, «zahartze aktiboa sustatzeko eta adineko pertsonak erdigunean jartzeko elkargune aparta da, eta oso pozik gaude berriz irekitzea lortu dugulako», azpimarratu du Peñak.