Bideoak

IkasLab proiektuaren baitan Hego Euskal Herriko eskolen topaketa hartuko du Talaiak

Aimar Lopez, Koldo Nausia 2025ko ots. 5a, 16:21

Matrikulazio kanpaina betean, Hegoaldeko lau lurraldeetan Ikaslab proiektuan murgilduak diren eskolak Hondarribian bilduko dira ostegun honetan. Ikas baliabide eta forma berritzaileetan aitzindaria da Talaia-Bordari eskola.

2022/2023 ikasturtean Eusko Jaurlaritzak sustatutako hezkuntza-berrikuntzako programa honi esker, Talaia-Bordari ikastetxearen bigarren solairuan 400 metro koadroko espazio ireki bat sortu zuten, gune desberdinak biltzen dituena, lan kooperatiboa bultzatzeko xedez. Hastapenean 200 metro koadrokoa zen proiektua, baina Jaione Bikuña  zuzendariak aitortu digu «proiektua hasi eta gora etorri» zirela. 

Lehen sei ikasgela zituen eremuan hormak bota eta espazio irekia bilakatu dute, eta jarduera desberdinak aldi berean egin ohi dituzte bertan. «Hasieran paretarik gabe ez genuen ikusten, beldurra genuen batzuen zarata besteak oztopatuko zuela», gogoratzen du zuzendariak, «baina Fermin Blanco arkitektoak beldurrak uxatu zizkigun, eta orain frogatu dugu egokiena zela, oso pozik gaude, ikasleak eremu honetan sartu eta erregulatu egiten dira, eta doinua ere jaitsi egiten da». Arkitektoaz gain, zuzendaritza taldeko Aitzol Goikoetxea idazkariak ere proiektuan ekarpen handia egin duela aitortzen du.

Hala, hasiera batean Etorkizuneko gela gisa izendatu zuten eremuak bost gune ezberdinak biltzen ditu orain. Bikuñak azaldu digunez, bertara sartu eta Mediateka da lehen espazioa. Bertan ikasleek irakurri, kontsultak egin edo etxera eramateko mailegua egin dezakete. Aldamenean Ikertu gunea dago. Sukalde bat dute bertan eta tresna desberdinekin lan egiteko aukera. Sortu eremuan, aldiz, irrati eta telebista saioak egiten dituzte. Ekoizpen ezberdinak grabatzen dituzte, baita eskolako webgunean zintzilikatzen dituzten Talaia Irratiaren podcastak ere, besteak beste. Bestalde, Aurkeztu eremuan ikasleek aurkezpenak egin edota hitzaldiak jasotzeko lekua dute, beharren arabera egokitu daitezkeen egurrezko eserleku mugikorrekin. Espazioaren azken guneak, Elkar Eragin Garatu du izena, taldean lan egiteko eta dinamika ugari proposatzeko. 

Jaione Bikuñak lan kooperatiboak Talaia-Bordarin duen garrantzia azpimarratu du. Ikaslab proiektuari esker, jauzi kualitatibo bat eman dutela pentsatzen du. Zentzu honetan, irrati-telebista ekoizpenak eginez eta metodologia aktiboak proposatuz, eskolan ohiko edukiak ikasteaz gain, halako proiektuekin «gazteek euren inguruarekin kritikoa izaten eta iritzi propioa eraikitzen laguntzen die». Hari hortatik, adierazpen askatasuna eta ahozkotasuna lantzeaz gain, ikasleak ahalduntzen dituela pentsatzen dute irakasleek. «Irrati-telebista ekoizpenak egiterako garaian, irudi propioaren babesa, edota gaur egun teknologia berrien ondorioz suertatzen diren cyberbullying eta halako arazoetaz ere hausnartzeko tartea hartzen dute», argitu du zuzendariak. 

Bestalde, ahozkotasuna lantzeko aukera ematen duten jarduerak egiten dituzte laborategi eremu honetan. «Irrati-telebistan bakarrik ez, hemen lan kooperatibo asko egiten da, lantaldean, eta behartzen ditu erabakiak hartzera, iritziak ematera... horrek guztiak ahozkotasuna laguntzen du», dio Bikuñak oinarrizko komunikazioa, hitz jario eta gaitasun sozialen faboretan doala argituz, «ahozkotasuna arazo handia da, euskaraz zer esanik ez, baina gazteleraz ere, ohartu gara gazteak geroz eta esaldi laburragoak erabiltzera ohituak daudela». 

Proba pilotu eta besteen eredu

Gipuzkoan hiru izan ziren Ikaslab proiektua garatzeko Eusko Jaurlaritzak aukeratutako eskola publikoak. Zarautzen Lizardi BHI, Arrasateko BHI eta Hondarribiko Talaia-Bordari. Hau da, LHko zentro bakarra da Hondarribikoa. Jaione Bikuñak aipatu digunez, «jende asko pasa da hemendik, geroz eta eskola gehiagotan jartzen ari direlako halako proiektu bat martxan, eta informatu nahi dute. Ideia asko hartzen dituzte hemendik». Izan ere, esperientzia pilotu den heinean, EAE mailako saio desberdinak egin izan dituzte bi urteotan, eta datorren otsailaren 6an Euskadi eta Nafarroako Ikaslab gelen topaketa bat egingo dute Talaia-Bordari eskolan.

Ekimen berritzaile baten trena hartu du Talaiak, eta hasierako zalantzak argitzen doaz eguneroko praktikarekin. «Oso ondo jakin gabe zer zen erakargarria iruditu zitzaigun, eta iruditu zitzaigun ere gure hezkuntza komunitatearentzat onuragarria izango zela», esan digu zuzendariak. Ikastaro batzuk jaso zituzten, baina hutsetik hasita, aukera asko ematen dituela ohartu dira irakasleak, ikasleak eta haien gurasoak ere.