Emakumeen nazioarteko eguna

Yoana Mintegui artista irundarraren eskutik iragarriko dute aurtengo M8a Hondarribian

Koldo Nausia 2025ko ots. 19a, 13:56

"Emakume Artistak" balioan jarri dituzte aurten Hondarribian M8 programazioa iragartzeko. Yoana Mintegui Castro artista irundarraren kartelak iragarriko du Martxoak 8ko Emakumearen Nazioarteko Egunarekin Hondarribian antolatuko dituzten ekimenak. Martxoaren 4tik 11ra dozena bat hitzordu antolatu ditu Emeki elkarteak Hondarribiko Udalaren laguntzarekin. Egitaraua datorren astean aurkeztuko dute.

Hondarribiko Udalak eta Emeki elkarteak 2025eko Emakumearen Nazioarteko Egunarekin antolatutako ekitaldiak iragarriko dituen kartela aurkeztu dute gaur, emakumeen elkartearen egoitzan, Puntaleko eskola zaharrean. Dozena bat hitzordu proposatuko dituzte adin ezberdinetako hondarribiarrei zuzendutako kirola, literatura, zinema zein musikari lotutako ekimenekin, betiere, berdintasunean urratsak egiten jarraitzeko.

Hala ere, Tamara Sastre Emeki elkarteko presidenteak argitu duenez, «egitaraua zehaztua dagoen arren, gaur protagonista Yoana Mintegui da». Artista irundarrak irabazi baitu Hondarribiko M8ko programazioaren aurtengo irudia hautatzeko kartel lehiaketa. Emeki elkarteak duela bost urte udalari proposatu zion lehiaketa antolatzea aurreneko aldiz, emakume artisten lana balioan jarri nahian, eta Martxoaren 8ari herrian ikusgarritasun gehiago emateko helburuarekin. Eta Gizarte Zerbitzuetako Berdintasun arlotik bideratu dute aurten.

Emekik Yoana Mintegui artistari eman nahi izan dio protagonismoa gaur, M8 programa aurki aurkeztuko dute.  

Hain justu, "Emakume Artistak" du izena Yoana Minteguiren lana, eta beste zenbait emakume artisten lanetan oinarritu dela argitu du berak kartelaren aurkezpen ekitaldian. Margolariak 450 €ko saria eskuratu du. Edizio honetan, Josu Peña Udaleko Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak, Emeki elkarteko Tzane Carrillok eta Koro Bidaurretak, eta Judas Arrieta herriko artistak osatu dute epaimahaia, eta saria jaso duen lana «originaltasunagatik, berrikuntzagatik eta kalitate artistikoagatik» aukeratu dute.