Montañenean pribatuak eraiki behar ziren tokian, 25 etxebizitza publiko adostu ditu Hondarribiko Udalak

Koldo Nausia 2025ko ots. 21a, 18:02

«Aberats eta pelotazo urbanistikoei alfonbra gorria kendu eta dauden aukera guztietan etxebizitza publikoak sortzeko» konpromisoa berretsi du Abotsanitzek. Montañenea edo Mendienea promozioan 25 etxebizitza publiko adostu ditu udal gobernuak Grupo Eibar enpresarekin, eta udalak jasoko duen konpentsazioa 3 milioi eurotatik 5,1 milioi eurotara igoko da. 2023an EAJk 43 etxebizitza pribatu adostu zituen bertan.

Hondarribiko Udalak Montañenea edo Mendienea etxebizitza promozio pribatuan 25 etxebizitza publiko lortu ditu, baita udalak jasoko duen 5.136.426,99 euroko konpentsazioa ere. Abotsanitz udal taldeak gogora ekarri duenez, «EAJk etxebizitza publikoei ezetz esan zien espazio, promozio eta lege berdinarekin». Izan ere, etxe sustapen hau ez da berria. EAJ udal gobernuan zela, 2017an bertan behera geratu zen HAPOarekin batera (Hirigintza Antolamendu Plan Orokorra), bertan 43 etxebizitza pribatu eraikitzen hastekoa zen Grupo Eibar enpresa. «Baina batzuen kudeaketa eza eta prozesu judizialak proiektua geldiarazi zuten», gogoratzen du Abotsanitzek.

Aldiz, 2023an hauteskundeen atarian, «EAJk alfonbra gorria jarri zion promozio urbanistiko pribatuei» eta udalak 3.033.553 euroko konpentsazioa jasota 43 etxebizitza pribatu (55 m2 eta 128 m2 artekoak) eraikitzeari bide eman ziola dio Abotsanitzek. Udal gobernu berriak azpimarratu duenez, halako konpentsazioak geroago etxebizitza publikoak sustatzeko erabili ohi dira, baina salatzen duenez, Hondarribian «azken urteetan ez da aprobetxamendu hauetatik euro bat ere erabili VPOra bideratzeko». Jeltzaleek orduan adostutakoa jasangarritasun irizpidearen kontra zihoala argitu du udal gobernuak. Bistan denez, «lurzoru eskasia duen gure herrian» legeak ahalbidetzen duen eraikigarritasuna ez baitzen aprobetxatu.

Politika eta egiteko forma aldaketa

Haatik, gobernu aldaketarekin «aurreko jokamolde zahar eta neoliberalekin apurtu, eta Hondarribian bizi nahi izatea hurbilago izateko» lanean aritu da gobernua urte eta erdi honetan. Eta denbora tarte labur honetan, «gobernatzeko bi eredu ezberdin» azaleratu dituztelakoan dago Abotsanitz taldea. «Bata, aurretik genuen jeltzaleena, dirudunen eta pelotazo urbanistikoari begira. Bestea, herritar eta babesturiko etxebizitzak egitea bilatzen duena, norbere ondorioak atera ditzala», dio harro udal gobernuak. Eta etxebizitza promozio honetan lortu duten akordioa, «aldaketa irudikatzen duen adibide garbia» dela dio Abotsanitzek, «ilusio eta itxaropenerako lehen argi printzak ikusten gabiltza» aldarrikatuz. 

Izan ere, EAJk hilabeteotan gogor kritikatu du udal gobernu berria, eurek utzitako proiektuak aprobetxatzen ari zirela esanez, baina etorkizunerako deus berririk ez zuela ikusten leporatu zion 2025 urte hasieran Gonzalo Carrion EAJko bozeramaileak. Alabaina «honetan zebilen udal gobernu berria» argitu du orain Abotsanitzek, «aberats eta pelotazo urbanistikoei alfonbra gorria kendu eta balantza herritarren alde irauliaz, etxebizitza publikoak sortuaz dauden aukera guztietatik». Argitu dutenez, oposizioaren kritika guztien gainetik «ikusezina den sukalde lanetan ziharduen gobernua buru-belarri», eta honakoa abiapuntua besterik ez delakoan, lanean jarraitzeko hitza eman dute «herri hau denona delako».

Kasu honetan, herriak aurreikusiak ez zituen 25 etxebizitza publiko berri jasoko ditu udalak alokairu sozialera bideratzeko. Iragarri dutenez, udalak sortuko duen Etxebizitza Sailetik kudeatuko dira, eta lehentasuna Hondarribian jaio edota bizi direnek izango dute. Hortaz gain, Montañenean egingo diren etxebizitza publiko horiek, pribatuak egin baino lehen edota epe berdinean entregatu beharko dituztela hitzartu du udalak Grupo Eibar promotorarekin, «herrian etxebizitzarekin benetako urgentzia dagoelako».

Akordio berriari esker, aldez aurretik erosia zuten hamarnaka herriko familiei, erosketa prezioa mantentzea adostu du udalak enpresarekin. Montañenea promozioak hiru eraikin izango baititu, 25 etxebizitza publikoena bat, enpresak kudeatuko duen salmenta pribatuarena bestea, eta hirugarrena akordio honekin familia horien eskubideak bermatuko duten "tasatutakoak". Promozioaren %33 inguru publikoa izango dela adostu du udalak. 

Etxebizitza publikoaren zorra herrian

Gogoratu beharra dago Hondarribian entregatu diren azken etxebizitza publikoen giltzak, VISESAk Muliateko Kandido Saseta plazan sustatutako bigarren promozioko 65 etxebizitzetan izan zirela 2021-2022an Txomin Sagarzazu alkate zela, horietatik 25 alokairu sozialean emanak. Energia kontsumo urria duten Kanadako (Ekinn) sistema jarraituz, EAEn egurrezko estrukturarekin eraikitako aitzindariak izan ziren honakoak. Eta horien aurretik, 15 urte atzera egin behar da. Muliaten 75 urteko erabilera eskubidean (VPO) 170 etxebizitza eta Eusko Jaurlaritzako Alokabidek eskainitako 25 alokairu sozialak 2010 urteko abenduan zozkatu zituen EAJ-EA gobernu koalizioak, Aitor Kerejeta alkate zela. 

Berez, 1996ko HAPOaren arau subsidiarioetan zehaztutako plangintzaren arabera, herrian 1.354 etxebizitza publiko eta 921 pribatu eraiki behar ziren. Baina errealitateak dio azken 29 urteetan 527 etxe publiko (Babes Ofiziala eta tasatuak barne) besterik ez direla eraiki herrian, arlo pribatuak 2.200ndik gora etxebizitzekin loraldia bizi izan duen bitartean. Hau da, ia %60a beharko luke publikoa izan legearen arabera, baina %20ra ere ez da iritsi.