Euskara bihotz-ximiko batekin eta kantuz suspertu nahi dute Hondarribian

Antxeta Irratia 2025ko ots. 25a, 11:41

Euskaraldirako herriko leloa "EUSKARARI XIMIKO!" aukeratu zuen Herri Batzordeak otsailaren 18an egindako bigarren bileran. Maiatzaren 15etik 25era kontzientzia linguistikoak pizteko eta herritarrak aktibatzeko ariketa sozialaren egitaraua osatzen hasi dira, eta maiatzaren 24an Madalena plazan Euskaraoke Herrikoia antolatzea erabaki dute dagoeneko. 

Euskaraldirako Herri Batzordeak martxa hartu du Hondarribian. Euskara gose dira herrian, eta "Elkar mugituz egingo dugu" aurtengo Euskaraldiaren leloa ez ditu hondarribiarrak asetu, bistan denez, eta herriko berezko leloa aukeratu egin dute. Otsailaren 4an batzordea eratu ondotik, aurreneko bilera egin zuten joan den otsailaren 18an, eta Euskaraldiaren herriko leloa "EUSKARARI XIMIKO!" hautatzeaz gain, 50 proposamen ezberdinen artean bozkatu zuten bertan parte hartu zuten hogei bat lagun eta eragileek.

Maiatzaren 15etik 25era ospatuko den herrian euskararen erabileran eragiteko ariketa soziala mugarritzat jo dute udaletik aurten. Hondarribian, herritarren %72a euskaraz aritzeko gai den bitartean, kaleko elkarrizketen %16,3a besterik ez da egiten euskaraz, baina «Euskaraldiak kontzientzia linguistikoak pizteko eta herritarrak aktibatzeko» gai izango delakoan dago Garoa Lekuona.

Zentzu honetan, Hondarribiko Euskaraldiaren dinamizatzailea Igor Arrietak Antxeta Irratian egindako aurkezpenean azpimarratu zuenez, «11 eguneko praktika sozial masibo bat eraman nahi da aurrera, hizkuntza-ohituren inertziak aldatzeko herrian». Eta bide horretan, aurten udaberrian ospatuko dela aprobetxatuko dute Euskaraldiaren presentzia kalean sumatu dadin.

Euskaraldia auzo eta kaleetan

Otsailaren 18ko batzarrean zenbait hitzordu adostu dituzte dagoeneko. Herri mailako egitasmo nagusi bezala Euskaraoke Herrikoia antolatzeko proposamenarekin aurrera egitea erabaki zuten, eta maiatzaren 24an Madalena plazan ospatuko dute. Jaialdi honen helburua  «herri osoa euskararen alde aktibatzea» izango dela argitu dute, «herritar bakoitza euskararen erabilera kontziente baten alde egiteko, eta egungo erabilera eskasa bizkortzeko».  

Era berean, Euskaraldiaren aurretik eta bitartean egitaraua oparoa antolatzeko nahia adierazi zuten parte-hartzaileek. Aurkezpen bereziak egingo dituzte auzoetan, tailerrak gazteentzako ikastetxe eta gaztelekuan, hitzaldiak eta mahai-inguruak Kultur Etxean eta liburutegian, besteak beste. Datozen asteetan adostuko du talde motorrak Euskaraldiaren egitaraua osatua. Izan ere, Herri Batzordea baino maiztasun handiagoarekin elkartuko den talde motorra eratu dute lan hauek aurreratzen joateko. Gogoratu dutenez, Herri Batzordean zein talde motorrean nahi duen hondarribiar orok parte har dezake, eta euskaraldia@hondarribia.eus postara idatzi besterik ez da egin behar.