EAJk ohar batean argitu dutenez, ez dute ulertzen herritarrentzat hain positiboa den albiste baten aurrean, zergatik ez duen Hondarribiko Udalak ezer ofizialki jakinarazi. «Zer dago Udalaren isiltasunaren atzean? Zergatik ateratzen da Abotsanitz bakarrik eraikuntza enpresarekin negoziatzean lortutako lorpen handia "saltzera"?», galdetzen du EAJk Mendienea promozioan udalak «ustez» Grupo Eibar enpresarekin adostu dituen 25 alokairu sozialeko etxebizitzei buruz.
Operazio horren aurrean Udalaren eta Igor Enparan alkatearen isiltasuna interpretatzerakoan, «zerbait ezkutatzen» ari direlakoan dago EAJ. Zentzu horretan, jeltzaleak beldur dira «Abotsanitzen larrialdi politikoek Hondarribiaren etorkizuna hipotekatuko duten erabakiak hartzera eramango ez ote dituzten». Udal Gobernuaren gardentasun eredua zalantzan jarri dute horrenbestez. Izan ere, Grupo Eibar etxebizitza promozio enpresarekin nork negoziatu ote duen ez da argi geratzen haien ustetan.
Nolanahi ere, Hondarribiko Udalak Grupo Eibar promotorarekin Mendienean 25 alokairu sozialeko etxebizitza adostu izana Abotsanitzek eta ez udalak berri eman izanaz harago, gobernuan dagoen talde politikoak erabilitako tonua salatu dute jeltzaleek. «Aurkari politikotzat jotzen dutena deabrutzea eta egiten diren baieztapenetan gezurra esatea» leporatu diote Abotsanitzi. «Hondarribiko EAJri eraso egiteko bere ohiko estilo hutsala eta arduragabea errepikatzen du, sare sozialetan likeak lortzeko eta herritarren artean zalantza sortzeko gehien komeni zaizkien datuak bakarrik nabarmenduta», azpimarratu dute jeltzaleek. Hartara, benetako «desinformazio» ariketatzat jo du Abotzanitzek Mendienea promozioari buruz plazaratutako komunikazioa.
Haien kontrako eraso zuzen gisa ulertzen du EAJk Abotsanitzek jakinarazitako informazioa. «Aberats eta pelotazo urbanistikoei alfonbra gorria kendu» izanaz harro azaldu baita Abotsanitz. Halaber, jeltzaleek argi utzi dute ez direla irainetan eroriko, eta ez duela inoiz Abotsanitzen «estilo lohitsua kopiatuko». Hala ere, aipatutako iraina herriaren historian eraiki diren 900 etxebizitza sozialetan bizi diren 4.000 hondarribiarrei ere egin dietelakoan dago EAJ. «Puntalen, Rebellinen, Amute-Kostan, Komentuaurren, Muliaten, Kandido Sasetan eta Presa I-n eraikitzen ari direnetan, bidezkoa al da 4.000 pertsona horiek etxe horietan bizi direla lotzea aberatsentzat pentsatutako eta pelotazo urbanistikoetan oinarritutako etxebizitza politika bati esker?», galdetzen dute jeltzaleek.