Alardeari buruzko foro irekien bigarren saioa martxoaren 13an egingo dute

Koldo Nausia 2025ko mar. 4a, 13:02

Otsailekoan 50 lagun inguru bildu eta gero, Itsas Etxeko Auditoriumean egingo den bigarren foro irekian izena emateko epea hilaren 10 arte zabalik dago. Hondarribiko Udalak saio guztiak erabat irekiak direla oroitarazi du, eta herritar guztiak parte hartzera gonbidatu ditu. 

Hondarribiko Udalak Gizaker enpresari enkargatutako Alardearen inguruko inkesta sozializatzeko, eta "herritarren iritziak, semtimenduak, bizipenak eta jarrerak jasotzeko" antolatutako foro irekien bigarrena martxoaren 13an egingo da. Otsailaren 13an egindako aurreneko foro irekian 50 lagun inguruk parte hartu zuten Itsas Etxea Auditoriumean. Eta bigarren saio hau leku berean egingo dute 18:00etan. Udalak argitu duenez, saio guztiak erabat irekiak dira. Baina bertan parte hartzeko nahia jakinarazi beharra dago. Horretarako epea zabaldu zuten martxoaren 1ean, internet bidez, eta www.hondarribia.eus gunean egin daiteke martxoaren 10 arte.

Dena den, Estitxu Urtizberea alkateordeak argitu du, saioak herritar guztiei irekiak badira ere, foroen dinamika egokia bideratzeko, 40 pertsona baino gehiagok izena emango balute, adin eta sexu aniztasuna bermatzeko hautaketa bat egin dezaketela, "herriko biztanleriaren errepresentatibitatea bermatzeko". Nolanahai ere, izena emango duten parte-hartzaileei baieztapena bidaliko zaie posta elektronikoz.

Herritarren elkarrizketa beharrari bide eman

Udalak inkestaren emaitzak plazaratu zituenean azpimarratu zuenez, saio hauek inkestaren emaitzen inguruan hausnartzeko antolatu dituzte, eta beraz, "ez dira erabakiak hartzeko guneak". Dinamika zehatz bat proposatzen dute bertan. Horrela, lehendabiziko saioan, Alardeak gaur egun duen esanahiaz itauntzen zuten galderen emaitzen inguruan bideratu zen elkarrizketa. Eta aurreratu dutenez, bigarren saioan "gaur egun herritarrek ze bide ikusten dituzten jorratuko da".

Aipatutako inkestak ondorioztatu zuen hondarribiarren %75,6arentzat Alardea "garrantzitsua" edo "oso garrantzitsua" dela. Eta etorkizuneko konponbide posibleei buruz galdetuta, %65k Alardearen gatazka "elkarrizketa bidez konpontzeko beharra sentitzen du".

Baina datu zehatzek diotenaz haratago, inkestatzaileek udalari helarazi zioten lehen ondorioa, herritarrek Alardearen auziari buruz hitz egiteko beharra izan zen. Igor Enparan alkateak azaldu duenez, "jendea inkesta egiterakoan hitz egiteko aukera izateagatik eskertua azaldu da". Eta inkestatzaileek azpimarratu dutenaren arabera, "inkestaren elkarrizketek karga emozional handia izan dute, inkestatzaileek pandemia garaian etxeratuak izan gintuzten garaian egindako inkestekin konparatu dituzte". Mintzatzeko behar honek Gizaker enpresano inkestatzaileek inkestatuekin emandako denboran ere eragina izan zuen. Bistan denez, halako inkesta bat osatzeko 5 minutu behar diren bitartean, 400 inkesta hauetan batez bestean 8-9 minutu behar izan baitzituzten. 

Behar horri erantzun nahian antolatu ditu Hondarribiko Udalak foro ireki hauek. Dena ongibidean, apirilaren 3an izango da hirugarren eta azken saioa.