Matxismoa arazo estrukturala dela salatzeko hamaika hitzordu antolatu ditu Emekik

Koldo Nausia 2025ko mar. 6a, 10:27

Emakumeen elkarteak Emakumearen Astea antolatu du 32. urtez, gogoratuz «martxoaren 8an egiten diren aldarrikapenak ezin dira egun bakar batera mugatu». Literatura, kirola, zinema eta saharar emakumeen aldeko kontzertu solidarioaz gain, larunbatean 17:45ean eman dute hitzordua M8 Asanblada Feminista Bidasoak antolatutako eskualdeko manifestazioan parte hartzeko. 

Tamara Sastre emakumeen elkarteko presidenteak gogoratu duenez, «gaur egun oraindik ere emakumeok injustizia egoerak pairatzen ditugu, eta funtsezkoa da aldarrikatzea arazoa estrukturala dela». Helburu horrekin  eta «arlo politikoan, sozialean, ekonomikoan eta kulturalean birproduzitzen den egoera aldatzen ez den bitartean» urtero Hondarribiko Udalarekin elkarlanean antolatzen duten Emakumearen Astea bizirik jarraituko duela nabarmendu du. 

Udala eta herriko hainbat elkarterekin lankidetzan, urtetik urtera egitaraua zabalagoa antolatzea lortzen ari dira. Eta aurtengoan ere, egitarauaren berri ematen duen kartela aukeratzeko antolatu zuten kartel lehiaketaren erakusketaz gain (Arma Plazan martxoaren 11 arte), literatur proposamenak, hizkuntza ez-sexistari buruzko hitzaldiak, kirola, ekimen solidarioak edota haurrei zuzendutako ipuin kontalariak ere proposatuko dituzte martxoaren 15a arte. 

Egun horretan Bixi-Bixi Pala Topaketa antolatu dute Jostaldi pilotalekuan (10:00etan), eta kirol hitzorduetan ere, iaz antolatutako Emakume Korrikaren bigarren edizioa proposatzen dute 11:00etan Molla ibilbideko Emeki elkartearen egoitzatik abiatuta. Emakumeen elkartetik sustatzen duten xakeak ere bere lekua izango du, eta martxoaren 10ean VII. Emakume Xake Topaketa egingo dute Kasino Zaharrean (18:00etan) Marlaxka elkarteak antolatuta. 

Martxoaren 7an 11:00etatik 13:00era herriko ikasleek 'Sare Morea ehuntzen' ekimenean parte hartuko dute. 

Hitzorduen artean, ez da hausnarketarako tarterik faltako. Gaur, martxoak 6, motorrak berotzen hasteko Nerea Aguado Alonso gonbidatu dute Kultur Etxera (19:00) "Lenguaje no sexista" hitzaldia ematera. Eta igandean, martxoaren 9an, "Soy Nevenka" filma proiektatuko dute Itsas Etxean (19:00etan). Hortaz gain, elkartasunerako keinu bat ere izango dute emakume migratu, errefuxiatu eta erbesteratuekin. Kasu honetan, martxoaren 7 honetan saharar herriaren aldeko kontzertua izango da Itsas Etxean 20:00etan. Sarrera 5 eurotan izango da, eta Euskal Herrian zehar egiten ari diren itzuliaren barruan, Aurora Beltran, Carmen Paris, Connie Corleone, Lucia Socam eta Travellin' Brothers taldeekin saharar herriaren askatasuna aldarrikatzeko abestiak taularatuko dituzte Hondarribian.

Ostiralean ere, azken urteetan herriko hiru ikastetxeekin elkarlanean antolatu duten "Sare Morea ehuntzen" ekimena burutuko dute Martxoak 8 plazatxoan 11:00etatik 13:00era. Herriko LHko ikasleek prestatutako berdintasunaren aldeko marrazki eta mezuekin mural bat osatuko dute plaza morez jantzitzeko.

M8 eskualdeko manifestazioa

Gogoan hartu behar da, Emeki elkarteak ere bat egiten duela M8 Asanblada Feminista Bidasoak larunbatean antolatu duen eskualde mailako manifestaziorako deialdiarekin. Eta Hondarribiko zutabea 17:45ean abiatuko dela Portua auzoko Martxoak 8 plaza horretatik. Bertatik atera eta 19:00etan Irungo Zabaltza plazan elkartuko dira Irungo eta Hendaiako zutabearekin.

Manifestazioak San Juan plazara jarraituko du, eta 19:30ean amaituko da udaletxe aurrean. Iragarri dutenez, eskuin muturraren gorakadari aurre egiteko asmoz, “Matxismoaren aurka en marche vers l'égalité” eta “Faxismorik Ez!” lelopean, eta manifestuarekin batera Haize Lekuona bertsolaria, "Sin Miedo" koruak eta batukada batekin girotuko dute. Ondoren, berdintasunaren aldeko eta matxismoaren aurkako martxak Irungo udaletxeko arkupetan jarraituko du binilo hautatzailea den "Amets"en erritmopean.