Hondarribia nolakoa zen 'Bihotzez Marraztua' utzi zuen Maximo Sagarzazuk

Koldo Nausia 2025ko mar. 10a, 12:31

1912. urtean jaiotako Maximo Sagarzazu Ugartek herriari utzitako altxorrek osatzen duten Hondarribia Bihotzez Marraztua erakusketa antolatu du Arma Plaza Fundazioak martxoaren 30a arte. Bere begiradatik Hondarribia XX. mende hasieran nolakoa zen irudikatu zuen eskuz egindako mapetan, eta koadernoetan garaiko ohitura, kontakizun eta pasadizo ugari idatzirik. Adituen arabera, bere herriaren ezagutza maila handiaren irudiko da planoetan eman zituen xehetasunak.  

Hondarribiko garaiko etxeak, familiak eta lanbideak, baserriak, basoak, erreka eta ur-begiak, fauna eta flora eta makina bat leku-izen bildu zituen Maximo Sagarzazu Ugartek, ezagutzen zituen bezala, eta garaiko herriko hizkeran. Ezagutu Zure Hiria programaren eskutik, gutxi batzuk besterik ezagutzen ez zutena deskubritzeko aukera emango dute martxoaren 30 arte Arma Plazako goiko aretoan. 

Joan den ostiralean Kultur Etxean hitzaldi batekin hasi zen ekimena, eta larunbatean bisita gidatua antolatu zuten Aranzadi zientzia elkarteko ikerlaria Iñaki Sanz-Azkue eta Maximo Sagarzazuren biloba Lupe Altuna Sagarzazuren  eskutik. «Azalpen orokor bat besterik ez dugu eman, ezinezkoa baita xehetasun guztietan sakontzea», argitu digu Sanz-Azkuek.

Ostiraleko hitzaldiaz gain, martxoaren 8an bisita komentatua egin zuten Ezagutu Zure Hiria ekimenaren baitan.

Izan ere, xehetasunak dira bereziki Maximo Sagarzazuk bere etxeko mahai handian eskuz egindako herriko planoetan utzi zituenak. Mahaia erakusketa aretoaren erdian dago, eta Lupe Altunak gogoratzen duenez, «senide guztiek ezagutu zuten aitona planoetan lanean». Baina bitxiak izanagatik ere, ez zuten inoiz pentsatuko 1999 urtean aitona zendu zenetik etxeko armairu batean gordea zuten altxor horrek, interes zientifikoa ere sorrarazi zezakeenik.

Herriaren inbentarioa

Eta badu. «Kasualitatez senide baten bidez iritsi zitzaidan planoetako bat eskura, eta harrituta geratu nintzen, nola egon zitekeen armairu batean gordea», dio Iñaki Sanz-Azkuek. 2020. urtea zen, eta Aranzadi zientzia elkarteko ikerlaria azkar ohartu zen aparteko materiala zuela esku artean. Kontatu digunez, deskubrimendu honek beste askoren ateak ireki ditzake. Herriaren memoria ez ezik, ikerketa berrietarako material baliotsua baita.

Izan ere, Maximoren planoetan leku-izen edo toponimo batetik tiratuz jo zuten Jaizkibel mendian aurkitu zituzten errotarriak. «Plano guztiak eta arloka aztertzen hasiz gero, luzerako izango genuke aztertzeko» ohartarazi du Sanz-Azkuek. Izan ere, planoak ez dira zientifikoak, baina bere herriaren ezagutza apartekoa zeukan Maximok. Utzitako ondareak tipula baten antzera, arloz arlo, aztertzen du bere garaiko Hondarribia «naturarekin beste harreman bat zuen gizarte baten begiradatik». Zentzu honetan, berak ikusten zuen herri horren inbentario moduko bat dirudi, natura irakurtzen zekien begiradatik.  

Koadernoetan herriko kontakizunak, ohiturak, istorio eta pasarteak utzi zituen olerki eta prosaz eskuz idatziak.

Dagoeneko hein handi batean desagertu egin den Hondarribia ikus dezakegu planoetan; baserri, lanbide eta natur eremu ezberdinak irudikatzen ditu, basoak, bazkarako larre onak, uxo eta hegazti ezberdinen paso-guneak, erreka eta ur-begiak, fauna eta flora... eta herriko makina bat leku-izen. «Jaizkibel atzealdeko arrantzarako arroka onak ere markatu zituen, izenik omen zuten ere!» dio harriduraz ikerlariak. Dena herriko hizkeran eta lekuak hondarribiarrek deitzen zituzten moduan. «Garai hartan ere sagardotegi asko zegoela irudikatzen du, eta 50 sagar mota ezberdin zeudela herrian», dio azpimarratuz botanikaren aldetik ere informazio baliotsua ekartzen duela Sagrzazuren lanak, «mendiko landare ugari ere aipatzen ditu».

Txoko guztien ezagutza paregabea

Hondarribiko Larramendi-Enea baserrian sortu zen mundura Maximo Sagarzazu Ugarte 1912an. Herriko eta mendiko bazter txikienetako leku-izen, kontakizun eta jakin beharreko guztiak ezagutzen zituen, eta bere aitonaren eskutik sakonean ezagutzen zuen herria bere osotasunean.

Alde Zaharreko etxeak garaian ezagutu zituen bezala zehaztu zituen mapan, baita familia eta haien lanbideak ere. 

Bere garaiko eta aurreko mendeko Hondarribiko historiaz berak zeukan ezagutza hura 60. hamarkadan marrazten eta idazten hasi zen 1999an hil zen arte. Lupe Altunak dioenez «inork eskatu gabe, baina kezka zuen herria aldatzen ari zelako, eta lekukoa utzi nahi zuen. Pozik egongo zen orain ikusita erakusketa bat antolatzen dela bere lanaren berri emateko». Bilobak gogoratzen duenez Hondarribia aldaketa bizian ikusten zuenez, bere txikitako herria izan zenaren mapak marrazten hasi zen, buruan gordetzen zuena plano eta marrazkietan hustutzen. Bere bihotzeko mapak, alegia. Hondarribia Bihotzez Marraztua erakusketan, berak eskuz egindako 18 plano eta idatzirik utzitako koadernoetan garaiko gizartearen istorioak topatuko dituzue.