Gaur itxiko dute Alardeari buruzko bigarren foroan izena emateko aukera

Koldo Nausia 2025ko mar. 10a, 16:40

Martxoaren 13an 18:00etan egingo da Itsas Etxean, eta otsailekoan 50 lagun bildu ondoren, gaur gaurko herritarrek "zein aterabide ikusten dituzten jorratzeko" helburua du oraingo saioak. Parte hartzeko azken deia luzatu du udalak. Izena emateko epea asteartean itxiko dute eta argitu dutenez, izena eman behar da. Otsaileko saioan parte hartu izanak ez baitu honetarako balio izango.

Hondarribiko Udalak Gizaker enpresari enkargatutako Alardearen inguruko inkesta sozializatzeko, eta "herritarren iritziak, sentimenduak, bizipenak eta jarrerak jasotzeko" antolatutako foro irekien bigarrena martxoaren 13an egingo da. Otsailaren 13an egindako aurreneko foro irekian 50 lagun inguruk parte hartu zuten Itsas Etxea Auditoriumean. Eta ostegun honetan 18:00etan antolatu duten saiorako izena eman behar dela oroitarazi du udalak. Denei irekia da, baina bertan parte hartzeko nahia adierazi beharra dago, eta argitu dutenez, lehen saioan parte hartu zutenek ere apuntatu beharko dira berriz. Horretarako epea martxoaren 11 honetan itxiko dute www.hondarribia.eus gunean.

Estitxu Urtizberea alkateordeak argitu du, saioak herritar guztiei irekiak badira ere, foroen dinamika egokia bideratzeko, 40 pertsona baino gehiagok izena emango balute, adin eta sexu aniztasuna bermatzeko hautaketa bat egin dezaketela, "herriko biztanleriaren errepresentatibitatea bermatzeko". Beraz, izena emango duten parte-hartzaileei baieztapena bidaliko zaie posta elektronikoz.

Elkarrizketarako nahia

Udalak inkestaren emaitzak plazaratu zituenean azpimarratu zuenez, saio hauek inkestaren emaitzen inguruan hausnartzeko antolatu dituzte, eta beraz, "ez dira erabakiak hartzeko guneak". Dinamika zehatz bat proposatzen dute bertan. Horrela, lehendabiziko saioan, Alardeak gaur egun duen esanahiaz itauntzen zuten galderen emaitzen inguruan bideratu zen elkarrizketa. Eta aurreratu dutenez, bigarren saioan "gaur egun herritarrek ze bide ikusten dituzten jorratuko da".

Aipatutako inkestak ondorioztatu zuen hondarribiarren %75,6arentzat Alardea "garrantzitsua" edo "oso garrantzitsua" dela. Eta etorkizuneko konponbide posibleei buruz galdetuta, %65k Alardearen gatazka "elkarrizketa bidez konpontzeko beharra sentitzen du".

Baina datu zehatzek diotenaz haratago, inkestatzaileek udalari helarazi zioten lehen ondorioa, herritarrek Alardearen auziari buruz hitz egiteko beharra izan zen. Igor Enparan alkateak azaldu duenez, "jendea inkesta egiterakoan hitz egiteko aukera izateagatik eskertua azaldu da". Eta inkestatzaileek azpimarratu dutenaren arabera, "inkestaren elkarrizketek karga emozional handia izan dute, inkestatzaileek pandemia garaian etxeratuak izan gintuzten garaian egindako inkestekin konparatu dituzte".

Mintzatzeko behar honek Gizaker enpresako inkestatzaileek galdetegi bakoitzean hartutako denboran ere eragina izan zuen. Bistan denez, halako inkesta bat osatzeko 5 minutu behar ohi diren, baina 400 inkesta hauetan batez bestean 8-9 minutu bideratu zituzten.  

Behar horri erantzun nahian antolatu ditu Hondarribiko Udalak foro ireki hauek. Apirilaren 3an izango da hirugarren eta azken saioa.