Mundu digitalari "mugak" bilatzeko formakuntza antolatu du Gotti Burua taldeak

Aitor Errazkin 2025ko mar. 11a, 11:01

Gazteek egiten duten pantailen erabilera kezka iturri bilakatu da. Ikerketa ugarik ohartarazi dute haurren eta nerabeen kasuan ondorio larriak ekar ditzakeela haien garapen kognitibo eta sozialean. Honi aurre egiteko, Gotti Buruak formakuntza antolatu du, Hondarribiko Udalaren laguntzarekin. Miren Ros adituarekin izango da martxoaren 12an (17:30ean) Kultur Etxean.

Hondarribian, “Gotti Burua” taldeak pantailen erabilerari buruzko formakuntza bat jarri du martxan, egungo gazteen ohiturei eta horien ondorioei buruzko hausnarketa bultzatzeko. Ekimen honen helburua da gazteei eta familiei informazioa eskaintzea, gailu digitalen erabileraren inguruan kontzientzia handiagoa garatzeko.

Formakuntza hau Miren Ros hizlariaren eskutik dator, eta bi fasetan garatuko da. Lehenengo, LH6ko ikasleei zuzenduriko saioak antolatu dira Hondarribiko ikastetxe guztietan. Saio hauetan, gazteekin pantailen erabilerari buruzko eztabaida eta hausnarketa bultzatuko dira, haien jarrera eta ohiturak aztertuz.

Bigarren fasean, helduen txanda izango da. Familia guztiei irekita egongo den solasaldi bat antolatu da, non gurasoek eta hezitzaileek haurren pantaila-ohiturei buruzko informazioa jasoko duten eta, aldi berean, euren kezka eta esperientziak partekatzeko aukera izango duten. Saio hau bihar, martxoaren 12an, arratsaldeko 17:30ean izango da Hondarribiko Kultur Etxean.

Ekimen honen helburu nagusia mezu bateratu bat sortzea da, etxean gaiaren inguruko elkarrizketa eta hausnarketa sustatzeko. Horrela, ikasleek eta haien familiek jarrera osasuntsuagoak garatzeko tresnak izango dituzte. “Gotti Burua” taldeak argi dauka pantailen erabilera erregulatzea ezinbestekoa dela haurren ongizaterako, eta horregatik, prestakuntza eta informazioa ematea funtsezko urratsa dela uste du.