Euskaraldiak martxa hartu du Hondarribian

Antxeta Irratia 2025ko mar. 14a, 14:50

Maiatzean ahoak bizi eta belarriak prest edukitzeko, motorrak berotuko dituzte auzoka jarduera ugari antolatuz. Maiatzaren 15etik 25era bitartean, aldiz, Txapa Jartzeko Ekitaldia Kolektibo batekin hasi eta 80 lagunen parte hartzearekin Euskaraoke Herrikoiarekin borobilduko dute Euskaraldia. Larunbata honetan "Arraun Euskaraz" lelopean izena emateko aukera emango dute Kirol Kaian 11:00etatik 14:00etara hainbat animazioekin batera.

Euskararen erabileran eragiteko Euskaraldia ariketa soziala aurten maiatzaren 15etik 25era ospatuko bada ere, Hondarribiko Udalak eta Euskaraldiaren Herri Batzordeak motorrak berotzeko egitarau oparoa prestatu dute larunbata honetatik hasita. Ondu duten programazioak 30 ekitaldi baino gehiago aurreikusten ditu bi multzotan banatuta. Batetik, Euskaraldiaren aurretik antolatutako aktibazio kanpainaren baitan. Eta bestea Euskaraldiaren 11 egunetan proposatuko dituztenak, ekimenari kalean ikusgarritasuna eman eta dinamizatze aldera. 

Motorrak berotzeko aldia

Garoa Lekuona Euskara Saileko zinegotziak aurreratu du programa auzo guztietara zabalduko dutela. Argitu duenez, «euskaraldiaren inguruko aurkezpenak egingo dira auzoetan, liburu aurkezpenak, Hitanoko formakuntza saioa, tailerrak liburutegian, gaztelekuan eta ikastetxeetan, euskarazko liburu errazen irakurketa saioak, haurrentzako Parketarrak programa, mahai inguru bat, musika emanaldiak edota txapen entregaren ekitaldia dantza eskolekin batera».

Larunbata honetan ekingo diote jarduera kanpainari. "Arraun Euskaraz" lelopean, Kirol Kaian Euskaraldiaren aurkezpena egingo dute, eta norbanakoen izena emateko aukera izango da 11:00etatik 14:00etara. Bertan mahai informatiboa, haurrentzako tailerrak eta nagusientzako txoko berezi bat ere prestatuko dute. Martxoaren 20an, aldiz, Laburbira laburmetraien emanaldia izango da Kultur Etxean 19:00etan, eta bertan ere emango dute izena emateko aukera. Argitu dutenez, momentuz 74 entitate edo kolektibok izena eman dute herrian, eta oraindik ere badute aukera. 

Euskaraldia dinamizatzeko egunak

Bestalde, Euskaraldiko egunetan, hainbat hitzordu antolatuko dituzte. Baina bi hitzordu nabarmendu nahi izan ditu Lekuonak. Alde batetik, maiatzaren 15eko hasiera egunean, Txapa Jartzeko Ekitaldia Kolektiboa egingo dute. «Ekimen solemne bat izango da, txapa jartzea balioan jartzeko, eta jarraian mintzodromo ibiltaria egingo dugu», azaldu du. 

Egun horietan kultur ekintza ugari izango dira herrian, baina "Euskarari ximiko" leloa aurkeztearekin batera iragarri zuten Euskaraoke Herrikoiari bultzada eman nahi diote. Maiatzaren 24an, larunbatarekin antolatu dugun Euskaraoke Herrikoia. Izan ere, Hondarribian euskararen erabilera datuak oso kaxkarrak dira, eta ondorioz erdera nagusi duen herri euskalduna izanik, hori iraultzeko, herri osoa euskararen alde modu aktibo batean parte hartzeko ekimen nagusia izango da zinegotziaren arabera. Garoa Lekuonak erronka handia dela aitortu du. «8 ordutako ekitaldia aurreikusi dugu, arratsaldeko 16:00etatik gauerdi bitarte, eta gure kalkuluen arabera 80 partaide lortu nahiko genituzke lehenagotik», dio Udal Euskara ordezkariak. Egun horretan bazkari herrikoia ere egingo dute. Eta iragarri dutenez, heldu den asteetan jakinaraziko dute www.hondarribia.eus atarian izena emateko aukera.