Negua Pasai Antxoko portuan eman ondoren, Mater ontzi museo ekoaktiboak Zero Zabor Uretan 7. itsas zeharkaldia egingo du heldu den udan Gipuzkoa eta Bizkaiko hainbat portura bisita eginez. Astesantuko oporraldietan ere hainbat aukera emango dituzte Pasaian bertan, baina udaro bezala, Hondarribiko Kai Berrian ere jasoko dugu. Oraingo honetan, uztailaren 21ean eta 22an bisita gidatuak eta tailerrak proposatzeaz gain, itsas hondakin eta mikroplastikoak arrantzatzera ateratzeko aukera emango dute. Baina nobedade gisa, aurtengo edizioan herri bakoitzeko zabor metaketa guneetan hondakin bilketak antolatu nahi dituzte.
Itsas hondakinen akumulazio puntu horiek identifikatzeko, herritarren laguntza eskatu Mater ontziak, udako lanketa prestatua edukitzeko asmoz. Horretarako galdetegi bat prestatu dute, eta apirilaren 27a arte norbere herriko zabor pilaketa puntuak seinalatu eta ekarpenak egiteko aukera emango dute. Zure ekarpena hemen egin dezakezu. Era berean, ingurumenaren aldeko eragile, talde ekologista edota gai honi buruz sentsibilizatua dagoen pertsona orori garbiketa ekimenen antolakuntzan parte hartzeko aukera ematen dute, eta haiekin harremanetan jartzeko honako posta elektronikoa luzatu dute info@mater.eus
Urteroko sentsibilizazio kanpaina
Mater ontzi museoa Euskal Herriko itsasbazterretan zehar dabil urtero, gizakiok eragiten dugun, baina ekidin dezakegun itsasoen kutsadurari buruz kontzientzia sortzeko kanpaina egiten. Hondarribiaz gain, Pasaia, Getaria, Mutriku, Ondarroa, Bermeo, Portugalete eta Bilboko portuak bisitatzen ditu beti, "Zaborrik hoberena sortzen ez dena" dela, eta itsas hondakinen arazoaren larritasunaz kontzientzia har dezagun portuz-portu kanpaina egiten. Horretarako hainbat boluntario eta 5 hezitzaile eta zientzialarik osatzen dute ingurumenaren aldeko eskifaia berezi hau. Izan ere, tailerrak, erakusketa, bisita gidatuak eta plastikoak arrantzatzeko ateraldiak ere proposatzen dituzte.
Izaskun Suberbiola, Mater untziko zuzendariak azaltzen duenez, egurrezko azken euskal atunontzia museo gisa ez ezik, plastikoak arrantzatzeko egokitu egin zuten. Eta lan zientifiko bat ere egiten du urtero, hurbiltzen diren herritarrak kontzientziatzearekin batera. «Uda bukaeran bildutako hondakin guztien zerrenda osatzen dugu, eta kutsatuen dauden portuak zehazten dugu», argitzen du. Sara Lizartza, Mater ontziko itsas-biologa da, eta argi du plastikoena dela itsas hondakinen arazoa nagusia, eta klima aldaketarekin batera gure planetak duen ingurumen arazorik larriena. «Kalkulatzen da urtero 8 eta 12 milioi tona artean plastiko jaurtitzen ditugula itsasoetara mundu mailan. Hori zabor kamioi bat da minutuero», dio oso modu grafikoan.
Itsas hondakinen %80k lurreko jatorria duela azpimarratu dute. Eta beraz, uda honetan ohiko itsas zeharkaldiarekin herriz-herri antolatu nahi duten garbiketarekin itsasoan amaituko luketen hondakinak saihesteko ekimenean parte hartzeko deia luzatu dute.