Euskaraldiaren aurkezpen bikoitza egingo dute asteburuan Hondarribian

Koldo Nausia 2025ko api. 11a, 11:10

Azken asteetan bezala, auzoz auzo ari dira Euskaraldia saretzen, eta larunbat goizean Amute-Kosta auzo elkartean 11:00etatik 14:00ak arte, eta arratsaldean 17:00etatik 20:00etara aurkeztuko dute Santiagotxon. Izena eman, informatu eta belaunaldien arteko harremanak bultzatzeko haur eta nagusientzako txokoak antolatuko dituzte.

Auzoz auzo, ahoz aho ari dira Euskaraldia aurkezten Hondarribian. "Euskarari Ximiko!" lelopean maiatzaren 15etik 25era hondarribiarrek egingo duten ariketa sozialarekin herrian euskara hauspotzeko ez ezik, azken asteetan ilusioa ere piztu nahi dute. Apirilaren 5ean Kasino Zaharrean egindako aurkezpenaren ondotik, asteburu honetan birritan egingo dute.

Hitzordu bikoitza izango dute, larunbat goizean Amute-Kosta auzo elkartean 11:00etatik 14:00ak arte, eta arratsaldean 17:00etatik 20:00etara Santiagotxon. Bukaeran pintxo festa antolatu dute. Bietan Ahobizi, Belarriprest eta Xaxatzaile gisa izena emateko aukera emango dute, eta Euskaraldiaren inguruko informazioak emateaz gain, haurrentzako zein nagusientzako txokoak ere antolatuko dituzte.

Igor Arrieta, Euskaraldiaren Hondarribiko dinamizatzaileak azaldu digunez, «garrantzitsua da azaltzea zein den aurkezpen horien funtzionamendua, ez delako aurkezpen hutsa, euskarari buruzko mezuak grabatzen ditugu eta jolas eta jarduerak egiteko txoko ezberdinak daude belaunaldien arteko harremana sortzeko maga hori sortzen da».

Euskaraoke Herrikoia

Bestalde, Euskaraldiaren talde eragileak oroitarazi du, apirilaren 30ean itxiko dutela maiatzaren 24rako antolatzen ari diren Euskaraoke Herrikoian izena emateko epea. Madalena plaza euskararen arnasgune bilakatu nahi dute Euskaraldiaren azken txanpa horretan, eta 80 abesti hautatuta, hondarribiarrei erronka bota diete antolatzaileek «harrotasunez adierazteko horrelako zerbait egiteko gai garela». Ekimenerako zapi berezia egingo dute, eta 16 urtetik beherako xaxatzaileek ere parte har dezakete.

Euskaraldia Hondarribian herriko euskararen erabilera hauspotzeko mugarri izan nahi badu, Euskaraldirako herrian antolatu dituzten 30etik gora ekimenen artean, amaiera ekitaldi handia prestatzen ari dira maiatzaren 24an. Dagoeneko, Gabi De La Mazaren "Txantxangorria euskarazko karaokea" datu basean saltseatzen ibili dira. Eta 80 abesti hautatuko dituzte egun horretan herriak kantatu ditzan. Izan ere, Euskaraoke Herrikoiak ahalegin handia eskatuko duela aitortu digu Igor Arrietak, baina herrian "Euskarari ximiko!" egiteko helburuarekin, «ekimen guztiek herritarren aktibazioa eta parte hartzea bilatzen» dutela azpimarratu du, «jendea ez dadila albo batean geratu ikusten».

Gogoan hartu, beraz, 80 abestik osatuko dutela ekimena, eta beraz beste hainbeste abeslari edo pertsona talde beharko dituztela horretarako. Apirilaren 30a bitarte www.hondarribia.eus udalaren atarian izena eman daiteke. Eta antolakuntzak ekimena behar bezala prestatzeko, ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea. 16 urtetik gorako partaideek Euskaraldiko Ahobizi edo Belarriprest txapa jarria eraman beharko dute oholtza gainera abestera igotzeko, eta 16 urtetik beherakoek, aldiz, Xaxatzaile txapa. Eta denek ekimenerako egindako zapi berezia lepoan lotuta eramango dute.