Hondarribiko Polborina kulturgunea izanen da, “ikus-entzunezkoetan erreferente”

Aimar Lopez 2025ko api. 15a, 09:48

Hamar urte baina gehiago hutsik izan ondotik, Papillon Zinekluba hartuko du bi astero Polborinak, baita bertze kultur jarduerak ere. 30 lagunentzako edukiera du, auditorio formatuan.

Hondarribia Sortzaile beka sortu eta Madalen gela ireki eta gero, Polborina berreskuratu du Hondarribiko Udalak herriko kultur ekimenak antolatu eta eragileen eskura jartzeko.

Joan den ostiralean egin zuten Jabier Ugarte kalean dagoen gunearen aurkezpena zenbait obra txiki egin eta gero. Urte askoz itxita egon ondoren, egokitzapen lan arin batzuk egin ditu Udalak, baldintzak egokiak baitziren eta proiekzioak egiteko prestatua baitzen aretoa. Izan ere, Arma Plaza fundazioak Hondarribiko hiribilduari buruzko ikus-entzunezkoak proiektatu izan zizkien bertan bisitariei, baina azken hamarkadan ez du erabilerarik izan Polborinak.

30 lagunentzako lekua du, beraz, areto txikia da. Momentuz, maiatzean hitzaldi bat antolatu dute, eta Zinegoak zikloko film laburrak ere bertan erakutsiko dituztela iragarri du Ortzi Alonsok, Hondarribiko kultur hautetsiak. Eta Zinekluba martxan jartzeko herriko lauzpabost zinefilok indarrak batu dituzte. Maiatzetik landa beraz, bi astean behin bilduko da Papillon Zinekluba Polborinan, baina bertze eragileek ere erabiltzen ahalko duten azpiegitura izanen da.

Sustatzaileek eta Udalak Zineklubaren eguna herritarrek hautatzea nahi dute, erabiltzaileentzat ahalik eta eskuragarrien izan dadin hitzordua. Hala, astelehen, ostiral edo igandearen artean hautatu daiteke sarean zabaldu duten inkestan.

Azken asteetan Madalen gela eta Polborina ireki ditu Hondarribiko udalak, eta sormen beka martxan jarri ere. Alonsok “ilusioa, gogoa” somatzen du herritarrengan, eta ekimen hauek “berotasuna” sortu dutela azaldu du, eta Udalak ere emozio berdinak partekatzen dituela. Sortzaile eta Udalak “bidea elkarrekin” egin behar dutela argi du, eta zentzu horretan kokatu ditu azken berrikuntza hauek.