Hondarribiak garraio publikoan jauzi kualitatibo bat ematea erabaki zuen atzo arratsaldeko udalbatzak. Talde politiko guztiek aho batez onartu zuten 2017ko abenduan Mugikortasun Mahaia eratu zeneko aurreneko bileran planteatutako minibus edo herri mailako hiri-barneko autobusaren kontratazioa martxan jartzea. Atzo onartua izan ondotik, lehiaketara aterako du udalak zerbitzua orain. Estitxu Urtizberea alkateak Antxeta Irratian aitortu duenez,
prozesu luzea izan da, garraio publikoa ez delako udalaren eskumena, eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin akordioa eta lanketa administrazioak luze jo du. Izan ere, Hondarribiko Udalak 2021eko ekainaren 24ko oso bilkuran eman zion espedienteari hasiera.
Alde horretatik, MUGI sisteman integratuta egongo da zerbitzua, eta 7,1 kilometroko ibilbide zirkularrarekin, 18 geltoki izango dituen zerbitzua, Hondarribiko historian aurreneko herri mailako garraio publikoa bilakatuko da. Udalak bost urtetara esleitu nahi du zerbitzua, eta ia bi milioi euroko aurrekontuarekin. Goizeko 7:00etatik 21:00ak arte eskainiko da, eta iragarri dutenez, lehiaketara aurkeztuko diren enpresek bi autobus bermatu beharko dituzte martxan egongo direnak, eta horietariko bat gutxienez, jasangarria beharko du izan. Zentzu honetan, urteotan egindako azterlanetan elektrikoa ala gasezko autobusak aintzat hartu dituzte.
Autobusa martxan jartzeko bideragarritasun azterlana Endara Ingenieros Asociados S.L. enpresak egin zuen, eta zerbitzuak beste garraio publikoekin intermodalitatea sustatzeko ordutegiak egokitzeko beharra zehazteaz gain (Foru kalean, Donosti kalean, Itsas Etxean eta Minasoroetako geltokietan Ekialdebusekin lotura egin ahal izango baita), Hondarribian hiri-barneko zerbitzuak izango duen eragina ere aztertu zuten. Gogoan hartuta, herri barneko desplazamenduen %40 auto pribatuz egiten dela gaur egun, eta mugikortasun jasangarriaren irizpideak jarraituz, gehienez ere %20koa beharko lukeela izan.
Horretarako, garraio publikoaren erabilera bultzatzeko neurrien artean, herritarrei eskura jartzerakoan ibilbide eta autobus geltokien kokapen egokiena aztertu zuten ere. Kontuan hartuta, Akartegi, Portua, Puntala, Alde Zaharra eta Zimizarga auzoetan erroldatutako biztanleriaren %70 baino gehiago bizi dela, baina gainerako auzoetako bizilagunei ere zerbitzu eman beharra zegoela, egindako azterlanaren arabera, 150 metroko distantzian (3 minutu oinez) linea berriak aurreikusten duen ibilbidean 6.719 biztanleri eragingo die. Horrela, lehendik ere martxan zeuden Ekialdebus lineak gehituta, 10.345 hondarribiarrek izango dute etxe ondoan autobus geltoki bat, garraio publikoan herrian mugitu ahal izateko. Hau da, herritarren %62.
Talde turistikoen mugatzea
Bestalde, atzoko udal osoko bilkuran, eta 2024ko ekaineko udalbatzan onartu zenari jarraituz, bereziki Alde Zaharra eta Portuan bisita turistikoen «masifikazioak» eragiten dituen «bizikidetza arazoak» mugatzeko udal ordenantza onartu zuten. Horrenbestez, udalak 25 lagunetara mugatuko ditu turista talde antolatuak.