Bizi proiektu bat garatzeko teilatu baten babesa ezinbestekoa den heinean, etxebizitzaren jabetza pribatuaren kulturak, mailegu baten itxaropena, eta onenean kondena luzea, edota ezin dutenek alokairu sozialaren itxaron-zerrendan egotearen desesperoa eragiten ditu. Hondarribian, VISESAk Biteri parean eraikitzen ari dituen 65 etxebizitza sozialen aurrean, Santa Engraziko biribilgunean (Damarri-Presa), “Hondarribia Bizitzeko” dion mezua letra larriz ezarri dute aste honetan. Izan ere, Hondarribiko etxebizitza larrialdiaren aurrean alternatibak bilatzeko jardunaldiak antolatu ditu Hondarribiko Udalak aste bukaera honetarako. Udal gobernuaren agintaldiko lelo horri jarraituz, herritarrek herrian bizitzeko aukera izan dezaten hiru mahai inguru antolatu dituzte, hausnarketaren bidez herrian debatea eragin eta aterabideak bilatzeko helburuarekin.
Estitxu Urtizberea Hirigintza ordezkariak argitu duenez, «HAPOaren lanketan gauden honetan, aurrera begira herriko etxebizitza eredua zein izango den gogoetatu beharra dugu denok», eta jabetza pribatua ala alokairu sozialaren dikotomia hautsi, eta alternatiba habitazional alternatiboak daudela ulertu eta ezagutzeko jardunaldia izan nahi du. «Etxebizitza kooperatibak edo Usurbilen bezala, belaunaldien arteko alternatibei begiak irekitzea lortzen badugu, iraultza bat izango litzake Hondarribian dugun etxebizitza ikuspegiari dagokionez», argitu du.
Horiek hala, herriak duen etxebizitza arazoa aztertu, aterabideak zeintzuk izan daitezkeen gogoetatu eta, begiak irekiz gero, etxebizitza duin baten eskubidea bermatu dezaketen alternatibak aztertzeko hainbat aditu gonbidatu dituzte maiatzaren 2an. Jardunaldia Itsas Etxean egingo dute ate zabalik, eta saioa grabatu egingo dute interesa duen ororentzat.
Lehen saioa 17:30ean izango da "Hiri bizigarriak sortzeko tresnak" izenburupean. Bertan legedia eta egin daitekeenaz gain, Hondarribia bezalako udalek dituzten eskumenak azalduko dituzte Olatz Merkader abokatu eta hirigintzan adituak eta Miren Vives Projekta Urbeseko kide eta arkitektuak. 18:15ean, bigarren saioan, "Hirigintza udal mailan: ereduak eta ondorioak" izenekoan, Hondarribiko Udalak eskuartean dituen plangintzak, HAPOa eta honek hiri ereduan zein ondorio izan ditzakeen azalduko dute. Horretarako, Lorea Zangitu udal arkitektoa, Estitxu Urtizberea Hirigintza zinegotzia bera, eta Haritik Hirira proiektuko Josu del Campo eta Jon Maciasek hartuko dute hitza. Azkenik, 19:30ean, "Bizitegi-eredu berriak imajina ditzagun" saioa proposatuko dute jardunaldia borobiltzeko. Bertan, Hondarribian ohikoak ez diren eta Euskal Herriko beste udalerri batzuetan abian jarritako soluzio habitazionalen adibideak aztergai jarriko dituzte. Etxebizitza kooperatibak edota belaunaldien arteko bizitegi eta komunitateak.
Musika aldarrikatzailea jardunaldia borobiltzeko
Larunbatean, aldiz, eszenatoki berean eta etxebizitzaren larrialdiari begirada galdu gabe, musikarekin itxiko dute ekimena. Izan ere, Hirigintza eta Kultura arloetatik antolatutako jardunaldia da honakoa. Ortzi Alonso, Kultura eta Herri Nortasunerako zinegotziak aurreratu duenez, Adur eta Dolerme talde bizkaitarrak batetik, eta espainiar estatu mailan etxebizitza eskubidearen aldeko mugimenduan bogan dabilen Biznaga taldea kartelburu duen kontzertuak izango dira. Izan ere, Madril, Valentzia edota Malagan espekulazio inmobiliarioaren kontrako herri mugimenduen ereserki bilakatu den 'El futuro sobre plano' kantuak oihartzun handia izan du. 2024an argitaratutako ¡Ahora! diskoak kapitalismoari kritika zorrotza egiten baitio.
Alde horretatik, Ortzi Alonso Kultura eta Herri Nortasunerako hautetsiak «jardunaldia borobiltzeko musika talde egokia» dela pentsatu du. Emanaldia larunbatean, maiatzak 3, izango da 20:00etan hasita. Eta Itsas Etxeko auditorioko harmailak jaso egingo dituzte, ikusleek zutik ohiko kontzertu formatu batetaz gozatu ahal izateko. Jardunaldiko saioetan ez bezala, 15 euroko sarrera ordaindu beharko da, eta Arma Plazan eros daitezke.