Atletismoan eta arraunketan aritutako kirolaria da Ane Bayo, eta kirol prestakuntzan aditua. JFKZ-IVEF ikasketak amaitu ondoren, Hondarribiko Emeki elkartearen laguntzarekin, eskualdeko emakumeen aurreneko korrika egiteko entrenamendu taldea sortu zuen duela hiruzpalau urte. Anerenak Running Taldea astelehenero eta asteazkenero elkartzen da, eta taldearen garapenarekin pozik dago kirol-prestatzailea. «Nire altxorra da, beti esaten diet beraien lorpenak eta beraien motibazioa, nireak direla. Gero eta emakume gehiago batzen ari da, adin ezberdinetakoak, eta ikaragarria da ikustea askok egin duten garapena», dio proiektuaren emaitzarekin harro, «batzuk ez zuten inoiz kirolarik egin, hasieran ez ziren 5 minutu korrika egiteko gai ere, eta orain 10K edo erdi maratoiak prestatzen ari dira». Jostaldin elkartzen dira astean bitan, eta ohikoa bilakatu da Hondarribian, Anerenak taldea herria luze-zabalean korrika ikustea.
Kirola osasun iturri
Baina kirolean beti norbere mugak eta erronkak dituen heinean, jarduera fisikoak osasuna behar du oinarri eta helburu. Emakumeen ahalduntze tresna baliagarria da kirola, eta gero eta gehiago dira kirola egiten duten emakumeak. Horren adierazle dira herri lasterketa ezagunenetan, urtetik urtera emakumeen parte hartze markak apurtzen dituztela. Eta historikoki gizonezkoei mugatuak ziruditen hainbat kirol diziplinatan, emakumeek konkistatu dituzten espazioak asko dira, baita talde berriak sortu ere, orain artean ez bezala. Baina goi mailan izan ala norbere kabuz kirola egiten hasteko motibazioak bultzatuta, Ane Bayok dioenez, «emakumeen osasun integralerako kontuan hartu beharreko berezitasunak, oraindik ere gainditu beharreko oztopoak eta eskaini beharreko baliabideak lantzeko beharra dago».
Hartara, Hondarribian "Emakumeak, kirola eta osasuna" jardunaldia antolatu du udalaren laguntzarekin. Maiatzaren 9an Itsas Etxean bi mahai-ingurutan kirol-osasunerako adituak eta atletak gonbidatu dituzte, haien jakintza eta eskarmentua partekatzeko. Kirol aukera berdinzaleago bat sustatzearekin batera, profesional zein amateur mailan, emakumeei espresuki zuzendutako jardunaldiak antolatzea erronka handia izan dela aitortu digu Bayok. Baina Hondarribiko Udaleko Kirol eta Berdintasun arloak bidelagun izan dituela nabarmentzen du. «Ideiarekin joan nintzen mementu beretik denak izan dira erraztasunak, eskertzekoa da udalak eskaini duen laguntza, eta errespetu handia ematen badu ere, seguru nago primeran aterako dela».
Jardunaldi honek emakumeek oraindik ere kirola egiterakoan topatzen dituzten baliabide eta aukera ezberdintasunak ikusarazi nahi ditu. Eta aldi berean, kirolak emakumeen osasun fisiko eta mentalerako dituen onura eztabaidaezinak nabarmentzearekin batera, emakumeen ezaugarriei egokitutako kirol-osasunerako ikuspegi integral bat eskaini. «Zoru pelbikoa, emakume kirolariek pairatu ohi duten amenorrea (hilerokoaren galtzea), haurdunaldia eta kirola eta beste egoera asko ere landuko ditugu, adibidez», aurreratu du Bayok.
Adituen eta arituen esperientzia
Antolatutako bi mahai-inguruak parte hartzaileak izango dira, eta bertaratuko direnek zalantzak argitzeko aukera izango dute. Aurrenekoa, "Osasuna, psikologia eta fisioterapia emakume kirolarien zerbitzura" izenburupean aurkeztu dute, eta hiru aditu gonbidatu dituzte kirolak emakumeen osasunean duen eraginari buruzko ikuspegia emateko ez ezik, errendimendua optimizatzeko eta lesioak prebenitzeko. Bertan, ElikaEskolako Garazi Lizarraga nutrizionistak elikadurak emakume kirolarien osasunean duen eragina aztertuko duen bitartean, Sara Mariezkurrena, kirol-arloan espezializatutako psikologoak osasun mentalak kirolariengan duen garrantziaz arituko da. Bestalde, ariketa fisikoak emakumeek izan ohi dituzten lesio arruntak prebenitu ditzakeenez, Junkal Alzugaray fisioterapeutak ere parte hartuko du.
Bigarren mahai-ingurua "Emakume atletek kirol profesionalean izandako esperientziak" du izena. Bertan goi mailako lau emakume kirolarien ibilbidea, erronkak eta lorpenak partekatuko dituzte, baita haien ibilbide profesionalean gainditu behar izan dituzten zailtasunak eta oztopoak ere. Ane Bayok azaldu digunez, Teresa Errandonea BATeko atleta profesional eta olinpiko ohiak, bere karreran zehar emakumezkoen kirolak izan duen garapenari buruz duen ikuspegia partekatuko du, baita denboran zehar nola aldatu diren ere.
Era berean, Izaskun Oses atleta profesionala gonbidatu dute, atletismoan duen esperientzian eta emakume askok hain kirol zorrotzean bizitza pertsonalaren, familiarraren eta profesionalaren artean aurkitu behar duten orekan jarriko du arreta. Bestalde, Malen Osa nazioarte-mailako trail mendi-lasterkaria trail runnerrak, bogan dagoen diziplina honetan emakumeei ireki dizkien ateak aztertuko ditu. Eta azkenik, Jihad Essoubai, erdi fondoko korrikalaria izango da ere. Nafarroako errekorra eskuratu duen 21 urteko atleta profesionala.
Udalak argitu duenez, sarrera librea izango da Itsas Etxean, eta familia-kontziliazioa errazteko, haurrak zaintzeko doako zerbitzua antolatu du udalak. Horretarako, aldez aurretik eskatu beharko da kirola@hondarribia.eus helbidera norbere datuak eta haurrarenak idatziz.