Anerenak emakumezkoen running taldea

«Ez du axola norbere maila zein den, zapatilak jantzi eta emakumeon artean osasuna zaintzeko ateak zabalik ditugu»

Koldo Nausia 2024ko aza. 19a, 10:04

2022an Emeki elkartearen eskutik martxan jarritako emakumeen running taldeak garapen azkarra izan du. Ane Bayok zuzenduta, 20 emakume biltzen dira Jostaldin astean bitan, eta “Anerenak Emakumezkoen Running Taldea”  dioten kamisetak jantzita entrenatzen dute harrotasunez. Kirolak sortzen dituen endorfinek ahaldunduta, emakumeen osasun fisiko, emozional eta soziala zaintzen jarraitzeko, igandean Emekik antolatutako "Emakumeak Korrika" lasterketan parte hartzeko deia luzatu dute.

 

Lilatoiaren ideian oinarrituta, Emakumeak Korrika lasterketa antolatu zuen iaz Emeki elkarteak Azaroaren 25eko Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunean. Korrika zein oinez kaleak hartuta, 100 emakume elkartu ziren Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunean, inolako lehia asmorik gabe, ahizpatasuna ospatu eta kirolaren bitartez ahalduntzen jarraitzeko. Helburu berarekin, heldu den igandean (azaroak 24) bigarren edizioa ospatuko dute. Aurten 150 lagun biltzea aurreikusten dute antolatzaileek. Korrika edo running egitea modan jarri baitu Emeki elkarteak azken bi urte hauetan Bidasoaldean.

Tzane Carrillo, Emeki elkarteko ordezkariak argitu duenez, elkarteak urteak daramatza kirolaren bidez emakumeak ahalduntzeko ahaleginetan buru belarri. Hasieran, gerora ondo errotu den astearteetako Jostaldiko pala ikastaroekin. Horren irudiko dugu, larunbata honetan, azaroaren 23an Soroetako frontoian antolatu duten Bixi Bixi Pala Txapelketa edo ttopara.

Baina running zapatilak jarri, eta astean bitan korrika egiteko aukera ematen du ere Ane Bayok. Elkartearen eskutik 2022ko udaberrian sortutako korrika taldeak garapen azkarra izan du. «Helburu xume batekin hasi nintzen, emakumeek jarduera fisikoa egiteko eta euren osasuna zaintzeko aukera ematea. Eta ez nuen sekulan pentsatuko ekimen honek gaur egun duen dimentsioa hartuko zuenik», aitortu digu Ane Bayok berak. Goi errendimenduko korrikalaria eta prestatzaile fisikoa izanik, hiru zutabetan oinarritu ditu korrika taldearen helburuak: osasun fisikoa, emozional edo mentala eta soziala. Kirola egiteak endorfinak sortzen dituen heinean ongizatea ekartzen baitu. Azken urteetan ezker-eskuin antolatzen diren herri lasterketetan emakumeen parte hartzeak marka guztiak apurtzen ditu. Aurtengo Txingudi Korrika izan da horren irudiko. Baina talde honen helburua bestelakoa da. «Helburua lasterketak eta emaitzak alboratzea da, eta emakumeek txoko goxo bat euki dezaten kirola egiteko, haien burua zaintzeko», dio Bayok, «gainera beste giro batean elkar ezagutuko ez liratekeen emakumeen artean harreman sozialak sortzen dira».

Izan ere, bi urteotan taldea sortu eta trinkotu egin da, eta «koadrila giroa» sortu dela dio entrenatzaileak. Berak taldea koordinatzen duela argitzen digu, Jostaldin lesioak sahiesteko ariketak eta teknikak erakutsi, beroketak egin eta, ondoren, korrika egitera atera ohi direlarik. «Ez du axola norbere maila zein den, ateak zabalik ditugu animatzen den ororentzako», azpimarratzen du, taldea 2022an sortu zuenean Antxeta Irratian bertan adierazi zuen helburu nagusia berresten baitu: «gustatuko litzaidake etxean geratzen diren emakume horiek, korrika egiten hasteko tartea ateratzea, eta haien osasun globala lantzea».

Iaz 100 emakumek parte hartu zuten "Emakumeak Korrika" lasterketaren aurreneko edizioan.

Aurten 20 emakume elkartzen dira astelehenero eta asteazkenero (18:30/20:00) Jostaldin entrenatzeko. Taldea handitzen doa, eta bi urte pasa badira running taldea martxan jarri zuenetik, dagoeneko, “Anerenak Emakume Running Taldea”  leloa daramaten kamisetak soinean jantzita entrenatzen dute astean bitan. Aitzakiari ez dago bere ustetan, «Emeki elkartea kirolarekin egiten ari den laborea ikaragarri polita da, geroz eta emakume gehiago jarduera fisikoa egitera animatuz», azpimarratzen du, «eta korrika egiteko gainera, Hondarribia paradisua da, txoko zoragarriak ditu eta maldarik gabeko eremu zabalak dituelako». 

Azaroaren 24an proposatzen duten Emakumeak Korrika lasterketaren bigarren edizioaren ibilbidea horren irudiko da. Molla Ibilbideko Emeki elkartearen egoitzatik abiatu eta Hondartza kiroldegira joan-etorria egingo dute 5 kilometroko ibilbidean (4,8 kilometro direla argitu du Ane Bayok), Butroi pasealekutik eta Bidasoa Ibilbidean zehar ibaiaren ertzetik. Antolatzaileek argitu dutenez, 10:00etan oinez eta 11:00etan korrika egiteko aukera emango dute. Eta ez da aldez aurretik izena eman beharrik, une goxo bat partekatzeko gogoa duen orok lasterketa hasi baino lehen abiapuntuan Emeki elkarteko antolatzaileengana hurbiltzea besterik ez du.