Proiekzio egunak zehaztea besterik ez da falta "Papillon Zine Kluba" martxan jartzeko

Antxeta Irratia 2025ko mai. 5a, 11:20

"Papillon Zine Kluba" abian jartzeko, Amelie, La chica del puente, Güeros eta Mystery Train izango dira aurreneko proiekzioak. Maiatzean martxan jarri nahi dute, baina udalak proiekzio egun egokienak zeintzuk izan daitezkeen herritarrek erabaki dezaten nahi du; astelehena, ostirala ala igandean.

Hondarribiko Udalak Polborina kulturgune bezala zabalduko du aurki. Urte asko itxita egon ondoren, gunea egokitu egin dute, eta 30 ikuslerentzat lekua duelarik, zinemagintza dinamika bat abian jarri nahi dute bertan. Momentuz, maiatzean hitzaldi bat antolatu dute, eta Zinegoak ere bertan programatuko dute maiatzaren 29an. Baina lehen ekimena, «Zinekluba » martxan jartzea izango da.

Herriko lauzpabost zinemazalek indarrak batu dituzte, Lander Berges eta Mikel Sagarzazu haien artean, «Papillon Zine Kluba» abian jartzeko asmoz. Iragarri dutenez, Amelie, La chica del puente, Güeros eta Mystery Train izango dira aurreneko proiekzioak. Baina egitaraua ez dute oraindik finkatu. Izan ere, udalak herritarrek erabaki dezaten nahi baitu proiekzio egun aproposenak zeintzuk diren.

Hiru aukera emango dituzte, astelehena, ostirala ala igandean. Beraz, zinekluba noiz programatuko den erabakitzeko, hondarribia.eus edota Hondarribia Kultura atarian bozka dezakezue. Bertan izena emanez aurrerantzean proposatuko duten programazioaren berri ere jasoko duzu.