Euskararen biziberritze prozesuan Hondarribian dituzten erronkei begira jarriko dira ostegunean, 19:00etan, Alde Zaharreko Kultur Etxean. Blagan euskara elkarteak antolatuta, adituekin mahai-ingurua egingo dute herritarrekin Hondarribiko euskararen erabileraren egungog egoeraz gogoetatzeko. Horretarako, Olatz Altuna adituak Hondarribiko datu soziolinguistikoen azterketa egingo du, eta jarraian, Saioa Zabala eta Mikeldi Zeberiorekin batera gaur egun Hondarribian dauden hizkuntza-praktiken inguruan hausnartuko dute.
Maiatzaren 15etik 25era egingo den hizkuntza ohiturak eraldatzeko helburu duen Euskaraldiaren baitan antolatu dute hitzordua. Izan ere, euskararen erabilera Hondarribian suspertu beharra dagoela ulertuta, ez zaio inori oharkabean pasatzen Garoa Lekuona Euskara Saileko zinegotziak dioen bezala, «erdara nagusi duen herri euskalduna dela Hondarribia». Klusterrak 2021ean egindako azken kale-entzuketaren datuek diotenez, herrian 10 elkarrizketetatik 2 ere ez dira euskaraz egiten, nahiz eta 10etik 7 euskaraz hitz egiteko gai izan. Zehazki, kaleko elkarrizketen %16 besterik ez da herrian euskaraz egiten, herritarren %74a horretarako gai bada ere. Eta gazte mailan esan beharrik ez dago egoera muturrekoa dela, ezagutzatik oso apartekoa da, 10etik 1ek besterik ez duelako euskaraz egiten.
Hortaz, «inertziak aldatu eta euskara herri nortasunaren parte delako kontzientzia piztu» nahian dabil Hondarribiko Udala azken urteetan. Hari horretatik tiraka, Euskara Mahaia eratu eta Euskara Plan Estrategiko berriak aurreikusten dituen ekintzak martxan jartzen ari diren honetan, Euskaraldia «aukera paregabea» dela diote herri gisa urrats bat gehiago egiteko.
Garoa Lekuona Euskara zinegotziak esan duenez, «mahai-inguru honetan, lehenengo aldiz, euskarak Hondarribian duen erabileraren inguruko adituen hausnarketa ezberdinak entzuteko aukera izango dugu, eta oso garrantzitsua iruditzen zait maila honetako informazioa herritar ororen eta udalaren esku ere jartzea».