Pauso Berriak emateko prest dagoen erakunde abegikorra da Hondarribiko Udala

Antxeta Irratia 2025ko mai. 7a, 11:32

Hondarribiko Udalak adimen-desgaitasuna duten pertsonak gizarteratzeko eta laneratzeko agertutako konpromisoa eta inplikazioa aitortu diote ATZEGIk eta GUREAK sustatutako Pauso Berriak egitasmoak. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitzartuta, pertsonen gaitasunetara egokitutako lanak egin ditzaten, eta lan munduan txertatzeko, enpresa eta erakunde ezberdinak parte hartzera bultzatzen ditu.

Hondarribiko Udala 2022an atxikitu zen Pauso Berriak programa honetara, Peru Txintxurreta hondarribiarra udaletxean praktikak egiten hasi zenean. Tarte honetan lan asko egiten ikasi duela nabarmendu dute, eta gizarte eta lan arloetan gaitasun berriak eskuratu dituela. Horri esker, bere praktikak amaituta, Hondarribiko Udalean jarraitzen du Lanbideren bidezko okupazio-zerbitzuari esker, udaleko departamentu eta zerbitzuei dokumentazioa banatzen, kopiagailuak kudeatzen eta dokumentazioa suntsitzeaz gain, liburutegian aldizkariak eta egunkariak antolatzeko eta liburuak etiketatzeko ardurarekin, besteak beste. 

Era berean, Marta Oronoz Biurrarenak bere okupazio jarduera 2023an hasi zuen Hondarribiko Udalaren, Talaia Hondarribiko Eskolaren eta Pauso Berriak programaren arteko lankidetzari esker. Martak Talaia Hondarribiko Eskolan dituen zereginen artean, ateak ireki eta ixtea, eskutitzak jaso eta banatzea, jangelara joaten ez diren ikasleen zerrenda egitea, oinarrizko telefono-arreta edota birziklatze lanak daude. 

Hargatik guztiagatik, eta Hondarribiko Udalak izandako inplikazioa eskertzeko, adimen-desgaitasuna duten pertsonekin udalak duen konpromisoa aitortzen duen Pauso Berriak diploma eman diote Marta Oronoz eta Peru Txintxurretak berak, Josu Peña, Gizarte Kohesiorako zinegotziari.